Astelehenean lan istripuz Orion hildako langilearen heriotza salatzeko elkarretaratzea deitu dute sindikatuek

karkara.eus Aktualitatea. 2018ko maiatzaren 10a

Berriz Ave Maria arrantza ontziko langilearen heriotza salatzeko, elkarretaratzea deitu dute ELA, LAB, ESK, Steilas, EHNE eta Hiru sindikatuek. Eguerdiko 12:00etan elkartuko dira, Herriko Plazan.
Dirudienez, gauean sarea lehen aldiz uretara botatzen ari zirenean gertatu zen istripua. Arrantzalea uretara erori zen, eta azaldu zutenez, itsasoan sare artean ito zen. Tripulazioko kideek lortu zuten langilea itsasontzira igotzea, baina ordurako hilda topatu zuten. LAB sindikatuak emandako datuen arabera, aurten 18 langile hil dira, horietatik bi arrantza sektorean. Arrantzaren sektoreko “lan baldintza gogorrak” eta prekarietatea salatu ditu sindikatuak ohar batean, eta istripu hauen iturburuak “atsedenik gabeko lanaldiak” direla adierazi du. Bestetik, prekarietatearen oinarrizko arazoei aurre egitea, arrantza behar bezala arautzea eta bizi eta lan baldintzak hobetzea exijitu du LABek.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide