Danbolinfest astea ospatuko da Orion musika eskolak antolatuta

Urola Kostako Hitza 2018ko maiatzaren 9a

Hainbat ekitaldiegingo da astean zehar. 2. eta 3. kurtsoetako ikasleen kontzertuak izango dira gaur eta bihar. Larunbatean da egun handia, Herriko Plazan.

Danbolin musika eskolak antolatuta, Danbolinfest jaialdia ospatuko dute ikasleek aste osoan zehar. Musika tailerretako ikasleen kontzertuak eta Donostiako Francisco Escudero kontserbatorioko ikasleen emanaldia izango dira astean zehar, eta egun osoko festa ospatuko dute larunbatean. Herenegun, lehen mailako musika ikasleek emanaldia eskaini zuten. Bigarren eta hirugarren kurtsokoen kontzertuak, berriz, gaur eta bihar izango dira, 17:30ean, Kultur Etxean. Ikasleen kontzertuaren ondoren, Francisco Escudero Donostiako musika kontserbatorioko ikasleen emanaldia izango da toki berean. Nolanahi ere, larunbaterako,  gordeko dituzte indarrak Danbolin musika eskolakoek. Orduan izango da musikaren bueltako festa egun handia. 11:00etarako hasiko dituzte emanaldiak Herriko Plazan, 2. mailako instrumentuko taldeen kontzertuarekin. Jarraian, 3. mailako ikasleek osatutako konboen emanaldia izango da, leku berean. Halere, ez dira musikako ikasleak soilik igoko oholtza gainera: 13:30ean, dantzako ikasleen saioa izango da Herriko Plazan. Segidan, musika eskolako ikasleek bazkaria izango dute. Arratsalderako, berriz, karaokea antolatu dute, eta ordu berean, txokolate-jana prestatuko dute ikasleen kantu emanaldia plazatik bertatik ikusi nahi dutenentzat. Musika festa bukatzeko, MartxanGo taldeak erromeria eskainiko du 17:30ean, eta iluntzera arte luzatuko dute jaia. Danbolinfest Maiatzak 9, bihar 17:30. Tailerreko 2. kurtsoko ikasleen kontzertua, Kultur etxean. Maiatzak 10, etzi 17:30. Tailerreko 3. kurtsoko ikasleen kontzertua, Kultur etxean. 19:00. Donostiako Francisco Escudero kontserbatorioko ikasleen kontzertua, Kultur etxean. Maiatzak 12, larunbata 11:00. 2. mailako instrumentuko taldeen kontzertua, Herriko Plazan. 12:00. 3. mailako ikasleekin osatutako konboen emanaldia, Herriko Plazan. 13:30. Dantzako ikasleen saioa, Herriko Plazan. 14:15. Musika eskolakoen bazkaria, Herriko Plazan. 16:00. Karaokea eta txokolate-jana, Herriko Plazan. 17:30. Erromeria MartxanGo taldearekin, Herriko Plazan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide