Berriz Ave Maria baporeko arrantzale bat zendu da bart gauean itsasoan, Santandertik milia gutxitara, lanean izandako ezbeharraren ondorioz. Orioko Kofradiak adierazi duenez, Castrokoa da hil den 55 urteko gizonezkoa. Dirudienez, gauean sarea lehen aldiz uretara botatzen ari zirenean gertatu da istripua. Arrantzalea uretara erori da, eta azaldu dutenez, itsasoan sare artean ito da. Tripulazioko kideek lortu dute langilea itsasontzira igotzea, baina ordurako hilda topatu dute. Santanderko portura eraman dute gorpua.
LAB sindikatuak emandako datuen arabera, aurten 18 langile hil dira, horietatik bi arrantza sektorean. Arrantzaren sektoreko "lan baldintza gogorrak" eta prekarietatea salatu ditu sindikatuak ohar batean, eta istripu hauen iturburuak "atsedenik gabeko lanaldiak" direla adierazi du. Bestetik, prekarietatearen oinarrizko arazoei aurre egitea, arrantza behar bezala arautzea eta bizi eta lan baldintzak hobetzea exijitu du LABek.