Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Atzo arratsaldean ezbeharra izan zen Orioko Antilla hondartzan. Arratsaldeko 17:30ak aldera, olatu batek harrobi aldean zebilen txalupa bat jo ostean, gidariak uretara salto egin behar izan zuen. Berehala, barra ondoan surfean zebiltzan surflariak berarengana joan ziren, eta arazorik gabe, onik atera zuten uretatik.
Pixkanaka, olatuek urizkinera bultza zuten ontzia, eta momentu batean, arroken aurka ere jo zituen kolpeak. Surflariekin batera, hondartzan zebilen jende multzo bat saiatu zen txalupa lehorrera ateratzen, baina urizkinan laga behar izan zuten, pisu astunaren ondorioz. Iluntzean atera zuten hondartzatik, traktore baten laguntzarekin.