Oriok irabazi du Espainiako Softbol Txapelketa

karkara.eus Aktualitatea. 2018ko maiatzaren 2a

Orioko OBB taldea beste zazpi talderi gailendu zitzaien herrian apirilak 27 eta 29 bitartean jokatutako txapelketan.

Espainiako Softbol Txapelketa hartu zuen Oriok joan den apirilaren 27ik 29ra. Guztira, zortzi taldek hartu zuen parte etxean jokatutako aurtengo edizioan. Orioko OBB nesken lehen partida Balentziako Antorcha taldearen aurka izan zen. Nahiko pareko joan arren, etxekoek irabazi zuten norgehiagoka, markagailua 8-5 utzita. Bigarrenean, aldiz, Bartzelonako Sant Boi izan zuten arerio Orioko neskek. Kasu honetan, talde kataluniarra gailendu zen partida amaieran (9-2). Larunbatean, faseko azken partidua jolastu zuen Oriok, Galiziako Cambre taldearen aurka, finalerdietarako plaza jokatuz. OBB taldeak indartsu hasi eta amaitu zuen norgehiagoka; bukaeran, etxekoak 8, galiziarrak 4. Larunbat arratsaldean finalerako pasea jolastu zuten etxeko neskek Balentziako Fenix-en aurka. Partida hasi eta berehala Orioko OBB aurretik jarri zen. Euria tarteko, norgehiagoka bi orduz eten arren, bukaeran 12-4-ko marka eskuratu zuen OBB-K. Finalean Sant Boi kataluniarrak izan zituzten oriotarrek aurrez-aurre. Partida oso parekatua izan zen amaierara arte, Amaia Larraxa etxeko jokalariak azken batazoa eman zuen arte, Oriori lehen postua emanez. Espainiako Txapelketa eskuratzeaz gain, oriotarrek beste bi sari bereganatu zituzten: Amaia Larraxa txapelketako picher onena izendatu zuten eta, Lourdes Sarasua, berriz, txapelketako jokalari baliotsuena.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide