Orion 19 urtez azpikoen emakumezko Espainiako softbol txapelketa jokatuko da gaurtik aurrera

Urola Kostako Hitza 2018ko apirilaren 27a

Gaur eta bihar partidak jokatuko dituzte Mendibeltzen egun guztian zehar; etzi, berriz, finalak. B multzoan jokatuko du OBB taldeak gaur eta bihar, beste hiru talderekin batera

OBBko emakumezkoen taldeko irudi bat. (Argazkia: Utzitakoa) Gaur hasi eta igandera bitartean, 19 urtez azpiko emakumezkoen Espainiako sofbol txapelketa jokatuko da Orion. Nor baino nor zortzi talde ariko dira Mendibeltz zelaian, eta igandean jokatuko dituzte finalak. Finaletara iritsi bitartean, bi multzotan banatuta jokatuko dituzte partidak. Alde batetik, A multzoa, Viladecans de Barcelona, Projecte de Barcelona, Dridma de Madrid eta Fenix de Valencia taldeek osatuko dute. B multzoan, berriz, Orioko Bate Bizkorrak taldearekin batera, Cambre de A Coruña, Antorcha de Valencia eta Sant Boi de Barcelona arituko dira. Gaur eta bihar egun osoan zehar izango dira partidak, eta igande goizean brontzezko domina lortzeko partida jokatuko dute 10:30etik aurrera. Ondoren, 13:00etan jokatuko da final nagusia. OBB, Ohorezko Mailan Ohorezko Mailan jokatzen ari dira azken urteetan OBBko helduak, eta euskal sofbol talde indartsuenetakoa da. Madrilen jokatu zuten azken neurketa aurreko asteburuan, Dridma taldearen kontra. Sailkapeneko erdialdeko postuetan zeuden bi taldeak, eta argia izan zen bien arteko lehia. Emaitza gazi-gozoa lortu zuten: lehen jardunaldian oriotarrek ezin izan zieten madrildarren erasoei eutsi, eta 3 - 7an utzi zuten markagailua. Ondoren, bigarren jardunaldian, Uxue Madregoren bateatzearekin lortu zuten lehenengo puntua Oriokoek, eta jardunaldian zehar egindako jokoari esker, aise gailendu ziren oriotarrak,  7 - 1 irabaztea lortuz. Bosgarren postua eskuratuta, atsedenaldia izango dute asteburu honetan. Hala ere, 19 urtez azpikoek herrian bertan txapelketa jokatuko dute. Maiatzaren 6an,  Katalunian izango dira, eta bi partida jokatuko dituzte Sant Boi taldearen aurka.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide