Joseba Sarrionandiaren literatura zinemara helduko da datorren udazkenean. Euskal Herriko zein kanpoko hamabi zinema zuzendarik eraman dituzte idazle euskaldunaren hitzak pantaila handira, tartean Carlos Quintela kubatarrak, Ozcan Alper turkiarrak eta Maialen Sarasua oriotarrak.
Gure oroitzapenak izenburupean aurkeztuko dute 90 minutu inguruko film luzea. Hibai Castro, Lutxo Egia eta Mikel Arredondo ekoizleek eman zuten proiektuaren berri pasa den astean. Sarri Kuban zela sortu zen ideia, eta ekoizleen arabera, haren inguruko sortzaileekin sortu zuten taldea. Zinemagile bakoitza bere kabuz aritu den arren, guztiek "Sarriren unibertsoaren berri" emango dutela eta filmak batasun estetiko bat izango duela aipatu zuen Egiak pasa den astean egindako aurkezpenean. Arredondoren hitzetan, Sarriren unibertsoa eta iruditeria askotariko kultur adierazpenetara eraman dela nabarmendu zuen; baina, beharbada, Sarriren hitzetatik abiatutako filma zen falta zena. Castrok, aldiz, zinema klasikoaren eskemak hautsiko dituen filma izango dela aurreratu zuen, eta hori emaitzan islatu dela nabarmendu.
Maialen Sarasua zinemagile oriotarrak
Gure oroitzapenak filmaren parte den
Bat, bi, hiru… film laburra zuzendu du. Joseba Sarrionandiak 2001ean idatzi eta Elkar argitaletxeak plazaratutako Lagun Izoztua eleberrian oinarritzen da Sarasuaren ikus-entzunezkoa, Kultura Saria irabazi zuena. Hiru narrazio hariz osatutako eleberria da, eta 1970eko hamarkadan Bluefieldsen (Nikaragua) erbestean dagoen Goioren istorioak ditu oinarri. Zehazki, eleberriko Guardia zibil eta euskaldunetara kapitulua hautatu du Sarasuak film laburrerako.
Orion eta Donostian filmatu du, eta 6 eta 11 urte bitarteko zazpi haur aritu dira aktore lanetan, denak ere oriotarrak. Bestetik, telebistan eta antzerkian ibilia den eta zenbait sari eskuratu dituen Manex Fuchs aktoreak ere parte hartu du.
Film laburraren oinarrian eleberrian lantzen den erbestea aurkitzen da, baita anatopia kontzeptua ere. Anakronikoa denboraz kanpo bizi den bezala, anatopikoa lekuz kanpo bizi da. Hemen zaudela, han bizitzea, dio Sarrik eleberriaren pasarte batean. Film laburraren sinopsi txiki modura, .
..itsas ertzean geratu ginen itzulerari begira Sarrionandiaren beraren zita erabiltzen ari dira.
Arredondoren hitzetan, "ariketa polita" izan da Sarriren literatura pantaila handira eramatearena, eta zinemagile guztiek egindako lanak "emaitza onak" emango dituela uste duela azpimarratu du.