Kaleko Elkartasun eta Kultur Elkarteak antolatu du elkartasun azoka, Haur Liburuaren Nazioarteko Egunaren harira. Gaur goiza Getarian pasa dute, eta bihar Orioko plazan izango dira, 11:00etatik 14:00etara.
Eguerdian jendea gerturatu da frontoian jarri duten postura, eta batzuk animatu dira libururen bat edo diskoren bat erostera. Adin guztientzako materiala egon da aukeran.
Jorge Lopez elkarteko kideak azaldu du "erosleen %90 getariarrak" direla, nahiz eta kostako herria izan eta bisitari asko ibili gaur bertan.
Azokak herriz herri egiten ditu elkarteak, eta lortutako dirua "banatu egiten dugu bazterkeria ekonomikoa jasateko arriskuan dauden pertsonen artean". Helburu horrengatik, "ez ditugu euro batean saltzen gauzak". Trukean, egoera onean dagoen materiala ematen dute. "Banan-banan errebisatzen ditugu liburu guztiak, eta entzuten ditugu cd eta diskoak", azaldu du Lopezek.