'Zergatik ez?' esatearen arriskua

Urola Kostako Hitza 2018ko martxoaren 31

Oriotik Bilbora egingo dute itsasoz (Aiora Larrañaga) [Unai Zubeldia/Gipuzkoako Hitza] "Erokeria zela pentsatu nuen hasieran". Zintzo aitortu du Ainhoa Pozo Lizaso oriotarrak. "Baina, 'zergatik ez?' pentsatu genuen gero". Ia oharkabean, Bilbora arteko bidea egin du, jada, galdera horrek. Izan ere, ospakizun gisa "gauza bereziren bat" egiteko grina sortu zitzaion 40 urte betetzear den Orioko emakume talde bati. Ez New Yorkera bidaiarik, ez sagardotegian bazkaririk, eta ezta luxuzko hotelen batean astebururik ere. "Gehienak oriotarrak izanda, arraunarekin lotura zeukan zer edo zer egin genezakeela pentsatu genuen". Eta bilera eta mezu artean, Oriotik Bilborako joan-etorri bihurtu da 2017ko maiatzean "zergatik ez?" galdera hutsa zena. Itsasoaren baldintzek eta eguraldiak hainbestean laguntzen badute, behintzat, datorren uztailaren 12tik 15era helduko diote erronkari. "Eta, egun horietan itsaso zakarra izanez gero, astebete atzeratuko genuke erronka, uztailaren 19ra arte. Ostegunean hasi eta igandean amaitzea da helburua". 32 emakume izaki eta traineruan hamahirurentzako lekua egonik —entrenatzaileetako bat izango da patroia—, txandan-txandan egingo dute bidea. Oriotik abiatuta, ondo bidean bigarren etapan iritsiko dira Bilbora —udalean harrera txiki bat egingo diete ziurrenik—. Bueltako lanean murgilduta, berriz, arraunlari guztiek bi trainerutan sartuta egingo dute Getariatik Oriora arteko azken zatia, "arraunean gehienek, eta traineruan nolabait sartuta gainerakoek". Uztailaren 15ean Bisigu Egunarekin bat egingo du erronkak, eta jai giro ederra izango da herrian. Ia urtebete atzera egin du Pozok erronkaren bilakaera azaltzeko. "Arraunean ikasi nahi genuela esanez joan ginen Orioko Arraun Klubera". Eta alderik alde ireki zieten atea —udaletxean ere aurkeztu zuten asmoa, eta babeslea lortu berri dute: Bidelan—. "Baina arraunean ikaste horrek ondoan erronkaren bat behar zuela erantzun ziguten". Bi baldintza jarri zizkieten klubean: 25 laguneko taldea osatzea eta Oriotik Bilbora arraunean joateko erronkari baietz esatea —abentura gerora bihurtu zen joan-etorrikoa—. Hura izan zen lehenengo hordagoa, eta, kikiltzeko asmorik gabe, pausoa ematea erabaki zuen taldeak. Jarraitu erreportajea irakurtzen gipuzkoa.hitza.eus atarian.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide