Juan Priede izan dute gogoan, haren heriotzaren 16. urteurrenean

Urola Kostako Hitza 2018ko martxoaren 25a

Juan Priede izan dute gogoan, haren heriotzaren 16. urteurrenean (Aritz Mutiozabal). Joan den asteazkenean, martxoaren 21ean, 16 urte bete ziren ETAk Juan Priede Orioko PSE-EEko zinegotzia hil zuela. Hori dela eta, urtero bezala, bere alderdiko kideek, senideek eta lagunek gogoan izan dute gaur eguerdian, eta lore eskaintza egin diote Orioko hilerrian, bere hilobiaren aurrean. Gipuzkoako PSE-EEko idazkari nagusi Eneko Anduezak hartu du hitza ekitaldi xumean, eta nabarmendu du "oroimenaren balioak oso garrantzitsuak" direla elkarbizikidetza lortzeko. Era berean, ETAri desagertzeko eskatu dio, eta "ezker abertzaleak onartu dezala indarkeria horrek ez zuela inolako zentzurik izan, eta Euskadira ekarri zuen min guztia hori ez zihoala inora". Anduezaren esanetan, "elkarbizikidetza eraikitzen ari gara, eta uste dugu une oso egokia dela bi pauso horiek emateko. Horregatik, horretarako ausardia izan dezaten eskatzen diegu". [flickr_set id="72157665035057187"]

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide