Orioko Udalak hainbat pertsona hartuko ditu lanerako uda garairako, eta lanpostu horiek betetzeko deialdia egin du. Deialdian parte hartzeko, langabetua izatea eta Orion erroldatua egotea beharrezkoa dela jakinarazi dute. Lan zuzenbidezko erregimenean egingo dituzte kontratu horiek, denboraldi baterako.
Zehazki, bi kabina garbitzaile, lau kanpineko komunen garbitzaile, udaltzain laguntzaile bat, kanpineko zaindari bat eta Txu-Txu trenaren gidaria dira atera dituzten lanpostuak. Udaleko aldizkako langile finkoren batek lanpostuari uko egiten badio edo aurreikusi gabeko premiaren bat sortzen bada ere, haren lanpostua ere zerrendari gehituko zaiola ohartarazi du udalak.
Eskabideak eta epea
Interesatuek Orioko udal bulegoetan aurkeztu beharko dituzte eskabideak, bertan eskuratu daiteken eskaera orria betez edo orio.eus udalaren webgune ofizialetik jaitsita.
Astelehenean ireki zuten lanpostu deialdietan izena emateko epea, eta apirilaren 13ra arte jasoko dituzte eskaerak.
Deialdiaren oinarriak ere udal bulegoetan eskatu daitezke edo orio.eus-en deskargatzeko aukera dago. Apirilaren 28an egingo dituzte lanpostu horiek betetzeko probak, Orioko Kultur Etxeko areto nagusian, goizeko bederatzietan hasita. Hala ere, ordutegi zehatzak orio.eus-en argitaratuko dituztela jakinarazi du Orioko Udalak.