Talde feministaren Xaltxa Badago jaialdia ospatuko dute larunbatean Orion

Urola Kostako Hitza 2018ko otsailaren 22a

Orioko Xaltxerak talde feministak antolatu du jaialdia, bigarrenez urtez. Larunbaterako prestatutako egitaraua, ‘Gorputzon hausnarketa kolektiboa’ tailerrarekin hasiko dute.

[caption id="attachment_332377" align="aligncenter" width="300"]12794520_813871898740766_2262182200839062940_n Xaltxerak talde feministak antolatutako eztabaida, iaz Orioko Kultur Etxean. (Argazkia: Xaltxerak talde feminista)[/caption] Xaltxerak talde feminista eta feminismoa bera herrian ikusarazteko asmoz antolatu dute Xaltxa Badago 2018 jaialdia. Eider Goiburu Xaltxerak talde feministako kidearen hitzetan, emakumeek "hartzen ez dituzten espazioak hartzea" ere bada jaialdiaren helburua: "Eszenatokia eta gaztetxea gure egingo ditugu. Bide batez, kultura feministari ahotsa eman nahi diogu jaialdiaren bitartez". Jai giroa eta plazerra uztartuko dituzte jaialdian, baina "eduki politikoak lantzeko" baliatuko dute larunbateko hitzordua: "Hausnarketarako espazio txiki bat egotea nahi genuen. Aniztasun sexuala eta sexualitatea lantzea da gure ardatzetako bat, eta iaz egin genuen lehenengo sarrera. Aurten, gure gorputzen hausnarketa kolektibo bat egin nahi dugu".  Norbere gorputzekiko eta genitalekiko dituzten jarrerak izango dituzte aztergai. "Aludun gorputzentzako" tailerra izango da larunbatekoa, eta tailerraren ikuspegia "feminista eta transfeminista" dela zehaztu dute antolatzaileek.  "Kontuan izanik aludun gorputzek era batera funtzionatzen dutela eta gizarte matxista batean honen inguruko hausnarketa egitea zaila dela, estrategikoa eta politikoa iruditzen zaigu kolektiboki gai hau lantzea". Larunbatean gai hori lantzeko 17:00etan elkartuko dira Kosta Tailerrean. Ondoren, 19:30ean poteoa hasiko dute bertatik hasita, herri mailan jaialdiari oihartzuna emateko eta ikusgarritasuna lortzeko asmoz. Etxeluze gaztetxera joango dira segidan, eta bertan afalduko dute. Bi emakumezko kantautorek girotuko dute gaua Etxeluzen: Birkit eta La Jartautorak joko dute eta, festa amaitzeko, Dr Myrnak musika dantzagarria jarriko du. Duela 11 urte sortu zen Orioko talde feminista. "Berdintasunaren gaia herrira ekarri eta hausnarketa bultzatzeko saiakera egin zen", dio Goiburuk. Gerora "beherakada" izan zuen eta geldi egon zen, baina duela bizpahiru urte jarri zuten berriz martxan: "Lehenengo urte haietan talde feministan ibili ziren emakume batzuk eta gaian interesa genuenak bildu ginen". Berdintasunaren gaia mahai gainean jarri eta eragile ezberdinekin lanketak egin dituzte ordutik. Besteak beste, indarkeria matxistaren prebentzioa, aniztazun sexuala, homofobia eta transfobia landu dituzte ordutik. Adin ezberdinetako kideak elkartzen dira taldean. "Azken finean bakoitzaren inplikazioa bakoitzaren egoera pertsonalaren araberakoa da, baina anitza da taldea. Feminismoak emakumezko eta gizonezko guztiei eragiten digu". Alabaina, emakumezkoen taldea da Xaltxerak, eta garrantzizkotzat jotzen dute espazio ez-mistoak izatea: "Espazio seguruak behar ditugu, emakume bezala gure borrokak aurrera eraman ahal izateko. Hala ere, pertsona eta eragile ezberdinekin elkarlanean aritzen gara". Gai ezberdinez hausnartu eta eztabaidatzeko baliatzen dute taldea, baina hausnarketa horiek herritarrekin elkarbanatzen jartzen dituzte indarrak. Kanpora begira, ekimen asko egiten dituzte: "Tailerrak, hitzaldiak, jaialdiak, zineforumak... Gure helburua espazio segurua eta erosoa izatea da, baina baita herri mailan eraldaketa bat ematea ere. Horretarako ezinbestekoa da gure lanketak partekatzea". Martxoaren 8a, Xaltxeren hurrengo mugarria Mugimendu feministak deitutako grebari atxikimendua eman dio Orioko Xaltxerak talde feministak, eta larunbaterako prestatu duten Xaltxa Badago jaialdia amaitu bezain laster, helduko diete xaltxerek  plantoa sustatzeko kanpainari. Martxoaren 7rako Emakumeak eta itsasoa. Arrantzale komunitateak genero ikuspegitik hitzaldia antolatu dute. "Herri arrantzalea izanik, gizonezkoen lanari ikusgarritasuna eman zaiola ikusi dugu. Itsasora joan ahal izateko emakumezkoen egitura oso bat dago lurrean, sistema hori sustengatzen duena", uste du Goiburuk. Duela bi urte hasi ziren saregileekin gaia lantzen, eta herri mailan balorea emateko antolatu dute hitzaldia. Martxoaren 8an, aldiz, grebaren inguruko informazioa herritarrei helarazten jarriko dituzte indarrak. 19:00etan elkarretaratzera deitu dute herriko plazan, eta gauean, berriz, emakumeen afaria egiteko elkartuko dira Etxeluze gaztetxean.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide