80 herritar bildu ziren Orion Euskaraldiaren aurkezpenera, egitasmoaren gaineko xehetasunak ezagutzera. (Argazkia: Karkara.eus)
Euskaraldia Euskaltzaleen Topaguneak eta Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako Sailburuordetzak elkarlanean bultzatutako egitasmoa da, euskararen lurraldeko beste erakunde askorekin batera. Erronka zehatza planteatu du Euskaraldiak: 2018ko azaroaren 23tik abenduaren 3ra bitartean, euskara ahalik eta gehien erabiltzeko apustua. Elkarlan eredu horri jarraituz aurkeztu dute Orion ekimena, Orioko Udalak eta Karkara taldeak. Joan den larunbatean 80 herritar elkartu ziren Arraunetxean, eta Aitziber Campos Euskara batzordeko buruak zabaldu zuen aurkezpena, egitasmoak Orioko Udalaren babes osoa duela adieraziz.
Rikardo Uzkudun Karkara taldeko kideak hartu zuen hitza ondoren. Euskara biziberritzeko bidean, etor daitekeen fase aldaketa bati egin zion erreferentzia: "Duela 50 urte euskararen ezagutzaren alde egin zen apustu, ikastetxeak euskaldunduz, euskaltegiak irekiaz... Azken kale inkesten arabera, euskararen erabilerak ez du hobera egin; Orio ez da salbuespena. Euskararen erabilera indartzen hasteko fase berriaren abiapuntuan koka daiteke Euskaraldia".
Orioko aurkezpenean izan zen Andoni Egaña bertsolari eta idazle zarauztarra ere. Geolingustika izan zuen hizketagai, eta galdera zehatzak planteatu zizkien herritarrei: "Euskararen ezagutza igo bada, zergatik egin du erabilerak pixka bat behera?". Egañaren esanetan, euskara zabaldu da azken urteotan; baina degradatu ere bai. "Pozgarria" iruditzen zaio bertsolariari Euskaraldiaren bueltan sortu den "erakundeen eta herri eragileen elkarlana".
Euskaltzaleen Topaguneko Arrate Illarok Euskaraldiaren inguruko informazio zehatzagoa eskaini zuen ondoren. Besteak beste, "hizkuntzaren inertziak apurtzeaz" aritu zen, jarrera sinbolikoetatik urrats praktikoetara igarotzeaz. Erabilera soila ez ezik, pertsonen hizkuntza ohiturak aldatzea da egunerokotasunean eragiteko gakoa, Illaroren hitzetan. Azkenik, tokian tokiko euskaltzaleen sareak indartzea eta berraktibatzea garrantzizkotzat jo zuen Euskaltzaleen Topaguneko kideak. Ekitaldiari amaiera emateko, Bixente Lasak eta Jon Agirresarobek prestatutako mokadutxoak eta sagardoa dastatu zituzten Arraunetxean bildutako herritarrek, solasaldiari jarraipena emanez.
Orioko Udalak aurkezpen saioaren balorazio baikorra egin du: "Garbi erakutsi du badagoela euskararekiko kezka oriotarren artean eta askok ikusten dutela erabilera sustatzeko ekimenen beharra". Horretaz gain, aurkezpenera bertaratutako hogei herritarrek baino gehiagok agertu zuten Euskaraldia Orion bideratzeko sortuko duten lantaldean parte hartzeko prestutasuna, eta beste askok adierazi zuten interesa. Horregatik guztiagatik, eta herritarrek aurkezpenari emandako erantzuna ikusita, Orioko Udala eta Karkara taldea "pozik" agertu dira.
Aurkezpenean bertan banatu zituzten izen-emate fitxak, herritarrak Euskaraldia dinamizatzeko talde eragilea osatzen has daitezen. Nolanahi ere, bertaratu ezin izan zuten herritarrentzat edo interesa izan dezaketenentzat izen-ematea laster zabalduko dutela iragarri dute.