Munto eremuan babes ofizialeko etxebizitzak eraikitzeko asmoa du udalak. (Argazkia: Karkara.eus)
Urtarrilaren 26an kaleratutako Karkara herri aldizkariaren azken-aurreko orrialdean iragarki bat argitaratu zuten, kooperatiba erregimenean egingo liratekeen etxebizitza batzuen inguruan. Etxebizitzen inguruko xehetasunak ageri ziren bertan, baita eskuratu ahal izateko baldintzak ere. Besteak beste, etxebizitzen ezaugarriak eta prezioak ere zehazten zituen iragarkiak.
Iragarkiaren harira, oharra kaleratu zuen egun gutxira Orioko Udalak. Iragarkiko informazioa "guztiz okerra" dela esanaz, eta "inolako konpromisorik ez hartzeko" gomendatuz herritarrei. Horretaz gain, udala iragarkiaren bultzatzailearekin harremanetan jarri da, "informazioa zabaltzeari utz diezaion". Munto eremuan, bere eskumenekoa den orubean, babes ofizialeko etxebizitzak eraikitzeko asmoa du udalak, baina proiektuaren garapena "azterketa fasean" dago. Fase hori amaitzen denean, udalak dagozkion deialdi publikoak egingo dituela azaldu du.
Etxebizitza eskuragarri
Orion Bizi kooperatiba Orioko hainbat bizilagunek sortutako taldea da, etxebizitzak prezio eskuragarri batean erostea helburu hartuta. Javier Quintanilla taldeko kidearen hitzetan, etxebizitza horietan interesa izan dezaketen herritarrekin kontaktua egitea izan da Karkaran argitaratutako iragarkiaren helburua.
Duela bi urtetik ari da batzen taldea, eta "behar" bati erantzuteko sortu zutela azaldu du Quintanillak. Talde horren lehenengo hilabeteeko zeregina informazioa biltzea eta kooperatiben funtzionamenduaren inguruan ikastea izan zen. "Ondoren, proiektua benetan egingarria dela ikusi genuen. Milaka etxebizitza egin dira kooperatiba erregimenean, bai gure eskualdean, baita Gipuzkoan eta Bizkaian ere. Guk ez dugu ezer asmatu". Horrez gain, kooperatibentzat etxebizitzak eraikitzen dituzten enpresak badirela gaineratu du: "Industria egitura bat badago behar hauei erantzuteko".
Alabaina, iragarkian ageri den informazioa eta Orioko Udalaren oharra bateragarriak iruditzen zaizkio: "Egia da udalarena dela orubea eta egia da guk ezin dugula eraiki. Abiapuntuan aurkitzen gara oraindik, ordea". EH Bildurekin eta EAJrekin bilerak izan dituztela azaldu du Quintanillak, proiektuaren gaineko xehetasunak eman eta gure asmoak azaltzeko. Udaleko Hirigintza batzordean proiektua aurkezteko eskaera ofiziala ere egina dute, baina ez dute erantzunik jaso.
Iragarkia argitaratu aurretik zinegotziak jakinaren gainean jarri dituztela esan du Quintanillak: "Ofizialki ez dute proiektua ezagutzen, baina bilera baterako ez gaituztelako deitu. Proiektu honetan interesa duten herritarrekin antolatzen ari gara orain".