Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren eragin linguistikoa neurtu du Errezilgo Udalak

Urola Kostako Hitza 2018ko otsailaren 6a

UEMAren laguntzarekin egin du udalak Eragin Linguistikoaren Ebaluazioa. Herrian euskararen ezagutza eta erabilera mailak "oso handiak" direnez, hirigintzan egin daitezkeen esku-hartzeek eragina izan dezaketela ondorioztatu dute. Horregatik, badaezpadako neurri zuzentzaileak proposatu dizkiete ebaluazioaren egileek udalari. Neurri horiek ezarriko direla bermatzeko jarraipen batzordea eratu dute. Orio izan zen Eragin Linguistikoaren Ebaluazioa egin zuen lehen udalerria, han 2016an egin zuten azterketa.

(Hitza) Errezilgo Udalak Hiri Antolamendurako Plan Orokorrak udalerrian izango duen eragin linguistikoa neurtu du. Eragin Linguistikoaren Ebaluazioa (ELE) egin du, UEMAren laguntzarekin, eta Arritxu Zelaia hizkuntza aholkularia arduratu da ebaluazio hori egiteaz. Neurketaren ondorioetan nabarmendu dutenez, Errezil herri txikia bada ere, euskararen ezagutza eta erabilera mailak "oso handiak" dira. Hori dela eta, Errezilen hirigintzan egin daitezkeen esku-hartzeek eragina izan dezaketela azaldu dute. Neurketaren egileek zehaztu dutenez, Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren barruan udalak aurreikusita dituen neurrien artean –etxebizitza berriak egin, Akertxoko handitu, industriagunea handitu...– eragin handiena etxebizitza berriek eta horien eraikuntzaren ondorioz Errezilera joango diren biztanleek izango dute. "Herri osoan eragingo du, euskararen ezagutzan jaitsiera aurreikusten da-eta Hiri Antolamendurako Plan Orokorra bere osotasunean garatzen bada". Errezilen euskararen ezagutza maila "handia" dela esan dute, eta "naturaltasunez" erabiltzen dute hizkuntza hori herritarrek. Azterketaren emaitzak aztertzerakoan nabarmendu duten gisan, baina, "arreta" jarri behar da datuetan, hamar urtetan %9,2 jaitsi baita euskararen ezagutza datua. Dena den, azterketaren egileek azaldu dutenez, ez dute aurreikusten Hiri Antolamendurako Plan Orokorrak herriko errealitate soziolinguistikoan "aparteko eraginik" izango duenik: "Ez da aurreikusten aparteko eraginik izan dezakeenik komunitatearen kultur eta gizarte bizitzan, are gutxiago hizkuntzaren paisaian, zerbitzuen eskaintzak eta komunikazioan". Ebaluazioaren ondorioetan ikus daitekeenez, "badaezpadako neurri zuzentzaileak" ere proposatzen ditu azterketak. Batetik, etxebizitza berrien planifikazioan eragitea, hala nola errolda irizpidea ezarrita, kooperatiba izaera sustatuta, etxebizitza guztiak batera ez eginda eta etxebizitzak herritarrentzat izan daitezen neurriak hartuta. Eta, bestetik, proiektuak garatu aurretik eta proiektua egin bitartean obren baimenetan hizkuntza irizpideak ezarrita, proiekturaren iragarkiak tokiko eta euskarazko hedabideetan jartzea lehenetsita. Gainera, Errezilera joan daitezkeen herritar berriei dagokienez, hainbat neurri proposatu dute azterketaren egileek, besteak beste, herritar berriak euskaraz modu naturalean bizi daitezen lortzeko, horretarako beharko duten babes eta erraztasun guztiak emanda. Neurri zuzentzaile horiek ezarriko direla bermatzeko, jarraipen batzorde bat osatu dute. Nekane Zinkunegi Errezilgo Euskara zinegotzia izango da batzorde horren koordinatzailea, eta UEMAko kideak, Errezilgo Udal ordezkariak eta Errezilgo udal arkitektuak osatuko dute batzordea. UEMAk 2015ean sortu zuen Eragin Linguistikoaren Ebaluazioa, udalerri euskaldunak erdalduntzen ari zirela erakusten zuten datuekin kezkatuta; izan ere, UEMAk esan duenez, bere ildo nagusietako bat da udalerri euskaldunen zaintza. UEMAk azaldu duenez, Kontseiluarekin, UEUrekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin Lurraldea eta Hizkuntza jardunaldietan egindako hausnarketaren emaitza izan zen proiektuek hizkuntzarengan izan dezaketen eragina neurtzeko tresna sortzea, "behar izanez gero neurri zuzentzaileak ere hartu ahal izateko". Jardunaldi haietan lurralde antolakuntzaren eta hizkuntzaren aldaketaren arteko harremana "estua" dela eta hirigintza proiektuek Eragin Linguistikoaren Ebaluazioaren (ELE) moduko azterketa baten beharra dutela nabarmendu zuten haren antolatzaileek. 2015eko Lurraldea eta Hizkuntza jardunaldien bigarren edizioan, ELE tresnaren lehen bertsioa aurkeztu zuen UEMAk, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin batera. Gainera, euskalgintzak eta erakunde publikoek bat egin zuten gaiaren garrantzia nabarmentzerakoan, eta ELEri lege izaera eman zioten 2016an, EAEko Udal Legea onartzean. Hain zuzen ere, Udal Lege horrek babesa ematen dio ELEri, hirigintza planek edo gainerako proiektuek hizkuntzan izango duten eragina aztertzeko beharra badela aitortuta. Orioko Udala izan zen Hiri Antolamendurako Plan Orokorrak herrian izango zuen eragin linguistikoa aztertu zuen lehen udala. 2016ko otsailean egin zuen lan hura, eta Orioko Udalak egindako lana gainerako udalerri guztientzat eredu zela nabarmendu zuen orduan Josu Labaka UEMAko lehendakariak. Ordutik, Orexan, Munitibarren, Lekarozen, Alegian eta Errezilen ere egin dute ebaluazioa.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide