Orioko Zaharren Babeslekuko buru jarraituko du Txomin Iribarrek

Urola Kostako Hitza 2018ko urtarrilaren 12a

Boluntariorik ez da aurkeztu presidente kargua hartzeko; Iribarrek 10 urte daramatza karguan .Iazko eta aurtengo kontuak eta asmoak izan dituzte hizpide

Asteazken arratsaldean izan zuten Zaharren Babeslekuko bazkideek urteko batzarra. Goraino bete zen Kultur Etxeko areto nagusia, eta hainbat gai izan zituzten mintzagai; besteak beste, 2017ko urteko batzarreko akta onartzea, ekitaldi ekonomikoaren itxiera, jardueren memoria eta zuzendaritza taldeko kideak berritzea. Diapositiben proiekzioarekin hasi zuten batzarra. Ondoren, Zaharren Babeslekuak 2017an izan duen zuzendaritza taldea oholtza gainera igo zen, eta esker hitzak izan zituzten Orioko Udalarentzat, alkatearentzat eta Angel del Hoyo Gizarte Ongizateko buruarentzat: "Zaharren Babeslekuari iaz emandako diru laguntzarengatik, mantendu duten harreman zuzenagatik eta besoak zabalik hartu izanagatik". Nekane Arrizabalaga Aiako alkatea eta Orioko udaleko langile diren Jabier Zabaleta, Imanol Urkizu, Santi Zaldua eta Maria Luisa Urbieta ere aipatu zituzten. 2017ko urteko batzarreko akta onartu zuten gero, eta Jose Angel Zaldua Orioko alkateak hartu zuen hitza, 2017an Zaharren Babeslekuak antolatutako askotariko ekintzak ekarri zituen gogora. Zaharren Babeslekuaren inguruko datuak ere eman zituzten: gaur egun 916 bazkide ditu erretiratuen elkarteak. Zuzendaritza taldeko diruzainak 2017ko diru sarreren eta gastuen xehetasunak eman zizkien bazkideei, eta idazkariak urte osoko jarduerak ekarri zituen gogora. Beste zenbaiten artean, asteazkenero jokatzen duten bingoa, Erretiratuen Eguna, Galiziara bidaia eta mus txapelketa aipatu zituen.  Bazkideentzat bakarrik antolatzen dituzte irteerak, baina plazak hutsik geratzen direnean, izena emateko aukera edonori zabaltzen dietela azpimarratu zuten. Zuzendaritza taldea Hamar urte bete dira Txomin Iribar Zaharren Babeslekuko presidente izendatu zutenetik, eta hamabost jardueretan parte hartzen ari denetik. Nekatuta dagoela aitortu zuen Iribarrek, baina batzar orokorrean ez zen presidente postua betetzeko boluntariorik aurkeztu; beraz, Iribarrek beste bi urtez jarraituko du presidente karguan. Nolanahi ere, datozen urteetan presidente postua hautatzeko zerbait pentsatu beharko luketela adierazi zuen Iribarrek: "Bi urterako hartuko dut, baina boluntariorik ez badago, zozketa egin beharko dugu presidentea hautatzeko". Maria Jesus Ibarretak, aldiz, zuzendaritza taldea utzi du. Txaloz eskertu zuten bazkideek Ibarretak orain arte egindako lana eta elkartean izandako inplikazioa. Antonita Oliden aurkeztu da boluntario, eta berak hartuko du zuzendaritzan Ibarretaren lekukoa. Bide batez, Zaharren Babeslekuak bazkideei gogorarazi die urtarrilaren 22tik 26ra bitartean kobratuko dutela aurtengo kuota. 16:00etatik 18:00etarako ordutegian, Babeslekuan bertan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide