Eskola-umeen literatur lehiaketa antolatu dute 31. aldiz, eta dagoeneko zabaldu dute epea. Martxoaren 23ra arte izango dute LH 3tik hasi eta DBH4 bitarteko haur eta gaztetxoek lanak aurkezteko aukera.
Euskaraz idatziak eta jatorrizkoak izan beharko dute aurkeztutako lanek. Gaia librea izango da, eta ipuinak, olerkiak edo bertsoak aurkeztu ahal izango dituzte ikasleek. Lanen luzera gehienez ere bost orrikoa izan behar dela ohartarazi dute antolatzaileek, eta argitaratzen diren lanen egileek saritxo bana izango dutela azaldu dute. Zortzi maila izango dira: Lehen Hezkuntzako 3, 4, 5 eta 6. mailak eta DBHko guztiak. Orion bizi edo ikasten duten haurrei luzatu diete deialdia.
Marrazki lehiaketa
Urtero bezala, marrazki lehiaketa ere jarri dute martxan. Gaia librea izango da lehiaketa honetan ere, eta edozein teknika erabiliz egindako marrazkiak aurkeztu daitezkeela azaldu dute. Maila bakoitzeko lau lanik onenak argitaratuko ditu Orioko Udalak.