Bilera guztietan izan dira 30 parte hartzaile baino gehiago. (Argazkia: Orioko Udala).
Ekipamenduen inguruko hausnarketa jarri zuen martxan duela bi hilabete Orioko Udalak, eta abenduaren amaieran egin zituen publiko herritarren ekarpenak jasotzen dituen emaitzak. Horrekin batera, bileretako aktak, herritarren ekarpenak eta prozesuaren gaineko balorazioak ere argitaratu zituen.
Orioko ekipamenduen egoeraren analisia egiteaz gain, herritarren beharrak ezagutu eta lehentasunak ezartzea izan dira prozesuaren helburuak. Bide batez, herritarrak subjektu aktiboak izateko eta bizitza komunitarioa eta kultura politikoa politika publikoen zerbitzura jartzeko baliatu nahi izan dute prozesua.
Elhuyar enpresak bideratu du, eta udalak izendatutako talde eragilea ere izan da azken bi bileretan: Jose Angel Zaldua Orioko alkatea, Emeterio Iribar eta Aizpea Ubegun EH Bilduko zinegotziak, Ana Priede PSE-EEko zinegotzia, Ibai Lertxundi idazkaria, Pilar Azurmendi arkitektoa eta Jabier Zabaleta euskara eta partaidetzako udal ordezkaria. Egitasmoa antolatzeko, kudeatzeko eta jarraipena egiteko ardura izan du talde horrek.
Partaidetza eta emaitzak
Hirigintza Batzordean Elhuyarrek prozesua aurkeztu ondoren, hiru bilera izan dituzte herritarrekin. Prozesua amaitu ondoren argitaratutako partaidetza datuen arabera, bilera guztietan izan dira 30 parte hartzaile baino gehiago.
Oro har, bileretan parte hartutako elkarteetako kideek ekipamenduen inguruko balorazio "oso ona" egin dutela jaso dute txostenean. Herrian ekipamendu asko eta ezberdinak dituztela aitortu dute. Alabaina, ekipamendu guztien mantenua eta behar diren inbertsioak egin ahal izateko aurrekontua txikia dela azpimarratu dute. Kultura, kirola eta gazteria saileko bileran, esaterako, dauden ekipamenduei etekin handiagoa atera behar zaiela aipatu zuten.
Azken saioan, Elhuyarreko dinamizatzaileek prozesuak ordura arte eman zuena aurkeztu zuten. Ondoren, hiru ardatz landu zituzten: ekarpen edota proposamen berriak lantzea, irizpideak landu eta lehenestea eta, azkenik, ekipamendu berriak lehenestea.
Orioko Udalak eskerrak eman dizkie prozesuan parte hartu duten herritar guztiei, eta datozen urteetako inbertsio planak adosterakoan emaitzak kontuan izango dituztela gaineratu du. Jose Angel Zaldua Orioko alkatearen arabera, talde eragilea datozen egunetan batuko da prozesuaren emaitzak aztertzeko.
Prozesuaren balorazioa
Argitaratutako emaitzen arabera, prozesuaren gaineko balorazio positiboa egin zuten parte hartzaileek. Hala ere, "herritarrek egindako ahalegina haintzat hartzea" espero dutela nabarmendu zuten bertaratutako batzuek.