AEBen ekialdeko kostako uharte baten berri jaso zuen Albaola Itsas Faktoriako presidente Xabier Agotek, liburu baten bidez. Zehazki, Maine estatuan dago uhartea; eta euskal izena du: Plazentzia. Dokumentu zaharren arabera, euskal-balea arrantzaleak uharte hartan ibili ziren XVI. mendean, bertako biztanle indigenekin elkarlanean. Xabier Agotek bertara joatea erabaki zuen, euskaldunek utzitako arrastoei segika. Espedizio horren nondik norakoak jasotzen ditu Elkarrekin Together dokumentalak.
Xabier Agoterekin batera, arkeologo talde bat eta dokumentala osatzeko kameraria eta soinu teknikaria ere joan ziren espediziora. Migeltxo Molina kamerariak zuzendu du dokumentala, Itziar Garcia ekoizle-zuzendariarekin batera. Miguel Garcia, aldiz, soinu teknikari lanetan aritu da; eta Xabier Alberdi historialari zarauztarrak ere hartu du parte proiektuan. 2017ko Donostiako Zinemaldian aurkeztu zuten lehenbizikoz dokumentala.
BATZEN proiektua
BATZEN proiektuaren barruan ekoitzi dute dokumentala, eta ekarpen pribatu zein publiko askoren emaitza izan da. Euskal Komunitatearen Proiektu Dinamika berria da BATZEN, Euskal Komunitatea sentitzen duten guztien elkargune izateko jaioa; euskal komunitatea zentzurik zabalenean ulertuta: Euskal Autonomia Erkidegoa, Ipar Euskal Herria, diaspora eta .eus komunitatea.
Elkarlana sustatuz eta proiektuak gauzatzeko dinamika berriak sortuz, euskara, euskal kultura, Euskal Herria eta Euskal Komunitatea munduko plazan kokatzea da BATZEN proiektuaren helburua.