Biharkoa izango da Talai-Mendi mendizaleen elkarteak antolatutako azken desfilea. (Argazkia: Karkara.eus)
Talai-Mendi mendizaleen elkarteak izaten du urtero Errege Magoen desfilea antolatzeko ardura Orion. 30 urte baino gehiagotan antolatu ondoren, ordea, lan hori azken urtez egitea erabaki dute mendizaleek.
Bittor Andres elkarteko kidearen arabera, Orioko Udalak izango du orain datorren urterako antolatzailea bilatzeko ardura: "Antolaketa lanarekin jarraitzeko prest ez geundela esan genien udalekoei. Orain, urtebete izango dute ardura horren lekukoa nork hartu dezakeen pentsatzeko. Lan asko da". Elkartearen barruan, desfilearen antolaketa kontuak zeramatzan taldetxo bat zegoela kontatu du Andresek. Talde horrek bere kabuz antolaketa lanei uko egitea erabaki ondoren, beste inor ez da prest azaldu. "Zehazki ez dakit zenbat urtetan antolatu duen desfilea mendizaleen elkarteak, ni txikia nintzeneko oroitzapenak baditut, behintzat. Beraz, 30 urte baino gehiago izango dira urtero jende berak antolatzen duenetik", gogoratu du Andresek.
Abenduaren amaieran zabaldu zuten desfilean izena emateko epea, eta dena prestatzen eta entseatzen ibili dira ordutik parte hartzaileak. Andresen arabera, 50 danbor, 15 upel, eta 60 edo 70 pandero jotzaile izango dira bihar Orioko kaleetan, Errege Magoen desfilea osatzen.
Urte berrirako erronkak
Urtarrilaren amaieratik aurrera izango da Andres mendizaleen elkarteko presidentea. Elkarteko batzordeak lau urte zeramatzan jada, eta uztera zihoanez, lauzpabost lagun animatu dira ardura hori hartzera. Andresen arabera, urtean zehar antolatu nahi dituzten kontuak izango dituzte hizpide hurrengo bileretan.
Familiak eta lagun kuadrilak mendi irteerak egitera animatu nahi dituzte, baina elkarteak federatzeko edo seguruak egiteko aukera eman arren, kontu horiek kudeatzea zaila dela uste du Andresek: "Irteerak egiteko federatuta ez daudenentzat seguru pribatuen paketeak erosteko aukera dago. Guk erosi eta jendea animatzen ez bada, ordea, gure gain erortzen dira seguruen kostu guztiak. Konplikatua da seguruen kontua, baina beharrezkoa. Lagunak gara, baina zerbait gertatuz gero, garrantzitsuak diren kontuak dira". Aste Santutik aurrera familiarteko irteera bat antolatzeko asmoa dute, baina oraindik ez dute egitaraua itxi. Mendizaletasuna bultzatzea eta irteerak egitea du helburu elkarteak, baina herriari begira ekimen asko antolatzen dituzte: umeentzako jolasak eta diapositiba emanaldiak. Ekimenak antolatzeko gogoz jarraitzen du elkarteak, baina urtearen hasiera "patxadaz" hartuko dutela aitortu du elkarteko kideak.
ERREGE MAGOAK
AIA
Gaur, osteguna.
- Zumba saioa izango da, 17:30ean.
- 19:00etan, Bizarzuriren etorrera, herriko plazan.
Bihar, ostirala. Errege Magoen desfilea, 18:30ean, herriko plazan.
AIZARNAZABAL
Bihar, ostirala. 18:00etan, Errege Magoen desfilea iritsiko da herrira. Kabalgadaren garaian herriguneko trafikoa desbideratu egingo dute.
AZKOITIA
Bihar, ostirala.
- Errege Magoen laguntzaileek gutunak jasoko dituzte, 16:30ean, parrokiaren atarian.
- Errege Magoen desfilea
kalerik kale ibiliko da, 19:30etik aurrera.
AZPEITIA
Gaur, osteguna. Errege Magoen laguntzaileek gutunak jasoko dituzte, 17:30ean, udaletxeko arkupeetan.
Bihar, ostirala.
- Lasaotik Errege Magoen etorrera trenez, 17:00etan.
- Ondoren, Errege Magoei harrera, 17:30ean, Azpeitiko Burdinbidearen Euskal Museoan.
- 19:00etatik aurrera, Errege Magoen desfilea kalez kale, igerileku aurretik irtenda.
GETARIA
Gaur, osteguna. Bizarzuri Errege Magoen postariak haurren gutunak jasoko ditu, 18:30ean, plazan.
Bihar, ostirala. Errege Magoen desfilea San Anton menditik herriko kaleetara, 18:30ean. Ordu berean, jaiotza biziduna, herriko plazan.
ORIO
Bihar, ostirala. Errege Magoen postaria kalez kale ibiliko da 11:00etatik aurrera.
- Arratsaldean, berriz, Errege Magoen desfilea kalez kale. 18:00etan hasiko da.
ZARAUTZ
Gaur, osteguna. Hiru Errege Magoen postariak gutunak jasoko ditu 17:00etan, Lege Zaharren Enparantzan.
Bihar, ostirala. Errege Magoen desfilea kalez kale, 18:30etik aurrera.
Etzi, urtarrilak 6. Schola Cantorumek abestutako meza, 11:30ean Santa Maria la Real parrokian.
ZESTOA
Gaur, osteguna. Gaileten tailerra, 16:30ean, Gaztelekuan.
Bihar, ostirala. Errege Magoen etorrera, 18:30ean, Akoatik.
ZUMAIA
Gaur, osteguna. Errege Magoen laguntzaileek gutunak jasoko dituzte, 18:00etan, Eusebio Gurrutxaga plazan.
Bihar, ostirala. Errege Magoen desfilea itsas kiroldegira belaontzian etorriko dira eta gero herriko kaleetan desfilea, 18:30etik aurrera.