Orioko Udaleko Euskara batzordea: "Zorionak Zaragueta eskolari!"

Urola Kostako Hitza 2017ko abenduaren 28a

40 urte bete dira aurten Zaragueta eskolan euskarazko klaseak ematen hasi zirenetik. Hori dela-eta, Orioko Udaleko Euskara eta Hezkuntza batzordeak ondorengo oharra kaleratu du:

ZARAGUETA_ESKOLA-300x212 "1977-78 ikasturtean hasi ziren euskarazko klaseak ematen Zaragueta eskolan eta aurten, beraz, 40 urte bete dira. Geroztik, bide oparoa egin du Zaraguetak euskarazko lerroak bultzatzen eta urte asko dira klase guzti-guztiak euskaraz ematen direla Orioko eskola publikoan. Franco hil berritan, eskola publikoko guraso eta irakasle askok ikusi zuten premia irakaskuntza publikoan ere euskara normaltasunez sartzeko, eta buru-belarri jarri ziren horretara. Orion ere guraso eta irakasle euskaltzale haien eraginari zor zaio, batez ere, eskolan euskara sartzea. Hasiera ez zen erraza izan eta bidean traba ugari topatu zituzten; baina etsi gabe jarraitu zuten aurrera eta, pausoz pauso, gaur egungo eskola euskalduna eraiki zuten. Udaleko Euskara batzordeak eskerrak eman nahi dizkie, herritarren izenean, euskararen aldeko txingurri-lana urtez urte egin duten guraso eta irakasle euskaltzaleei eta, oro har, gaur egungo eskola-komunitatea osatzen duten guztiei. Zorionak eta mila esker!"

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide