Orioko Udala ekipamenduei buruzko gogoeta egiten ari da herritarrekin. Parte-hartze prozesua abiatu zuten azaroan, herriak dituen ekipamenduei buruzko diagnostiko bat osatu eta herritarrek dituzten behar eta interesen arabera, hutsuneak identifikatu eta etorkizunean egin beharreko lanen lehentasunak markatzeko. Prozesuaren azken bilera asteazkenean izango da 19:00etan, Kultur etxean. Bilera "guztiz irekia" izango dela azaldu du udalak, eta gaiarekiko interesa izan dezaketen herritarrak gonbidatu dituzte. Bilerak bi orduko iraupena izango du.
Elhuyar enpresa ari da prozesua bideratzen, eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Herritarren Partaidetzarako Zuzendaritzaren diru-laguntza jaso du udalak; prozesua bultzatzeko. Bi bilera egin ditu udalak azaroan: kultura, kirol eta gazteria alorrekoekin, bata; eta merkataritza, turismo, osasuna eta hezkuntzakoekin; bestea. Bi bilera horietan udalak egindako ekipamenduen inguruko
txostena azaldu diete bertaratutakoei. Asteazkenean egingo duten bileran, aurreko bileretan jaso dituzten ekarpenak aurkeztuko dituztela iragarri du Orioko Udalak. Lehentasunak markatzeko tartea hartuko dute ondoren, talde-lanean.