Orioko Udalak eta Xaltxerak talde feministak autodefentsa tailerra antolatu dute

Urola Kostako Hitza 2017ko abenduaren 7a

Abenduaren 16an egingo dute tailerra, Salatxo aretoan. Zortzi orduko iraupena izango du, eta Emagin Dokumentazio eta Ikerkuntza Zentro Feministak emango du.

Abenduaren 16an, larunbata, autodefentsa feminista tailerra emango du Emagin Dokumentazio eta Ikerkuntza Zentro Feministak Salatxo aretoan; udalak eta Xaltxerak talde feministak antolatuta. Zortzi orduko iraupena izango du tailerrak, goiz eta arratsaldez: 09:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 20:00etara. Emakumeek indarkeriarekiko dituzten bizipenak elkarbanatu eta biltzea da asmoa. Gainera, elkar entzun eta beldur eta emozioei buruz lasai hitz egiteko espazioa eskaini nahi dute. Indarkeria egoerak eta erasoak identifikatzea eta horien definizioa taldean lantzeko tartea ere hartuko dute, eta autodefentsa izango dute hizketagai. Erantzun, estrategia eta alternatibetan sakondu nahi dute tailerraren bitartez. Nork bere kabuz eta kolektiboki eman beharreko erantzunen inguruan pentsatuko dute. Gehienez 20 lagunek parte hartu ahal izango dutela esan dute antolatzaileek. Hiru tokitan eman daiteke izena, abenduaren 14a baino lehen: Hatoz tabernan, Etxeluze gaztetxean eta Kultur etxean. Posta elektronikoz ere egin daiteke, oriofeminista@gmail.com helbidera idatzita. Azkenik, Orioko Xaltxerak taldearen Facebook orrian ere eman daiteke izena.  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide