Arazo modernoak jomugan jarri nahian

Urola Kostako Hitza 2017ko abenduaren 1a

2013ko Bertso Egunerako prestatu zuten ikuskizunarekin aurkeztu zuten beren burua jendaurrean Iñaki Gurrutxagak eta Aitzol Barandiaranek, mikrofonoa eskuan eta gitarra soinean.

Bi Bala bertso-rock taldea kontzertua ematen, iaz (Argazkia: Josetxo Perez). Hasiera horrek "espero ez zuten"  harrera izan zuen Gurrutxagaren hitzetan. Batetik eta bestetik deika hasi zitzaizkien, eta eskari bat bazegoela ohartu ziren. Eskari horiei erantzunez hasi ziren jotzen: "Gogoeta handirik gabeko proiektu bat izan da, intuitiboa". Julen Goikoetxearekin eta Xabier Etxeberriarekin Bi Bala taldea osatu zuten, eta bertso musikatuen ikuskizunak eskaini dituzte ordutik.  Aurreko astean aurkeztu zuten taldearen hirugarren diskoa: Arazo modernoak. Letrek berebiziko pisua dute Bi Balaren kantuetan: autokritikoak, zorrotzak eta gordinak direla aitortu du Gurrutxagak. Lagun artean tratatzen diren baina espazio publikoan tokirik ez duten gaiak landu dituzte, begiratu kritiko batetik. Arazo Modernoak ere ildo beretik doa. Aurrekoa baino motzagoa da diskoa, eta kantak zuzenagoak direla uste du Gurrutxagak. Ez zaie erraza egin gaiak hautatzea; orain arte ere "asko ukitu" dituzte eta. Hala ere, egunerokotasunean ateratzen diren gaiei heldu diete; eta oraingoan ere izan dute zer esana. Arazo modernoak egunerokotasunean "arazorik egon behar ez duten tokietatik arazoak sortzeko gaitasuna" dela uste du Gurrutxagak: "Askotan ur baso txikietan itotzen gara". Disko berriko singleak ere hala dio: Hauek ez dira nik egunero jaten ditudan kiwiak. Dena den, arazo "potoloago" batzuei heltzeko bidea eman die hirugarren diskoak: "Arazo txiki horien atzean dauden arazoei ere heldu diegu". Urtea amaitu arte, "traka" izango dutela dio Gurrutxagak. Duela astebete eskas aurkeztu zuten diskoa, eta herriz herri dabiltza kontzertuak ematen. Lan berria ezagutzera emateko "zirkulatu" nahiko luketela dio Gurrutxagak, "baina patxada pixka batekin". Gure Eroyak bigarren diskoak "nekatu" egin zituela aitortu du: urtebetean 40 kontzertu inguru eman zituzten. Iruñean izan ziren asteartean, eta "harrituta" itzuli zen Gurrutxaga handik: "Gu baino hobeto zekizkiten disko berriko letrak". Harrera "nahiko ona" izan duela iruditzen zaio. Txapelketa, kanpotik Bertsolaritza eta plazaz plazako jarduna "aparkatu samar" duela dio Gurrutxagak: "Bi Balarekin eta arazo moderno pertsonalak direla medio, nahiko utzita daukat". Txapelketak "mimoa eta prestaketa" eskatzen dituela uste du, eta horregatik ez da aurkeztu oraingora. Kanpotik bizi du, urduritasun handirik gabe, baina kezka apur batekin: "Denak dira ezagunak eta badakit jendea zer egiteko gogoz dagoen. Badakigu txapelketa barrutik bizitzea zer den". Nolanahi ere, txapelketa kanpotik bizitzeak bere abantailak badituela uste du: "Orain jabetzen naiz gauza askotaz".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide