Gazteei zuzendutako Kamel Ziani Krosa antolatu dute Orioko sanikolasetarako

Urola Kostako Hitza 2017ko azaroaren 30a

Abenduaren 6an egingo dute, eta benjamin, kimu eta infantil mailako neska-mutilen probak jokatuko dituzte. Karela udal kiroldegian eman daiteke izena.

Lasterketa antolatzen ari dira Aitor Rubio eta Kamel Ziani. (Argazkia: Aiora Larrañaga) Atletismoa herrian zabaltze aldera, Aitor Rubio eta Kamel Ziani oriotarrek gaztetxoen atletismo taldea sortu zuten irailean. 26 haur dituzte taldean, eta jolasa eta kirola uztartuz egiten dituzte entrenamenduak. Oraingo honetan, beste pauso bat eman dute eta San Nikolas jaietarako, abenduaren 6rako, Kamel Ziani Krosa antolatu dute gaztetxoentzat; eta, orain, azken prestaketak egiten ari dira. Duela urte batzuk ere egiten zen krosa Orion, eta aspalditik zeukaten pentsatuta haurrentzako lasterketa bat antolatzea, "berezia" iruditzen zitzaielako. Asfaltoan egiten dira lasterketa gehienak, baina belarretan egiteko erabakia hartu zuten; Muntoko pasealekuan hasita, futbol zelaiaren paren jokatuko dute. Krosa bera indartzeko asmotan, antolatzaile lanetan dabilen Kamel Ziani atletaren izena jarri diote lasterketari. Inguruko herrietan ere horrelako lasterketak antolatzen direla dio antolatzaile lanetan dabilen Aitor Rubiok: "Zarauzko krosa, Azpeitikoa, Lasartekoa... Guk, ordea, herrian bertan antolatu nahi genuen antzeko lasterketa bat". Udalaren eta herritarren laguntza izan dute guztia antolatzeko orduan, eta eskertuta agertu dira antolatzaileak. Hogei pertsona behar zituzten egunean bertan antolaketan laguntzeko, eta taldeetako haurren gurasoak lagunduko diete: "Beti egon dira laguntzeko prest, eta ez dugu inongo arazorik izan". Haurrak parte hartzera animatzea da orain antolatzaileen erronka. Izen-ematea irekita dute, eta  Karela udal kiroldegian eman daiteke, bihar baino lehen. Inguruko herrietakoen parte hartzea ere erraztu nahi dute; eta egunean bertan ere izango dute izena emateko aukera. Herriko eta eskualdeko haurrak, guztiak gonbidatu nahi dituzte parte hartzera. Benjamin, kimu eta infantil mailetako neska-mutilek parte hartu ahal izango dute, eta bakoitzak bere ibilbidea izango du. Benjamin neskek (600 metro) 10:00etan izango dute proba; benjamin mutilek (600 metro), 10:20an; kimu neskek (1.200 metro), 10:40ean; kimu mutilek (1.200 metro), 11:00etan;  infantil neskek (2.000 metro), 11:20an; eta infantil mutilek (2000 metro), 11:40an. Sari banaketa ekitaldia lasterketen ondoren egingo dute, 12:15 aldera. Atletismoaren aukerak "Orion ez zegoen atletismo talderik, eta atletismoaren inguruko aukera murritza izan da. Jende gehienak futbola, arrauna eta beste kirol batzuk egiten ditu, eta ez da ohikoa den kirol bat", adierazi du Rubiok. Atletismoari herrian indarra eman eta kirola sustatzeko sortu zuten taldea. Ohiko kirol horiek egin nahi ez dituen jendeak ere herrian atletismoa egiteko aukera izatea ere bada helburua. Antolatzaileen hitzetan, jende ge­hienak korrika egitea dela uste du, baina kirol anitza dela irizten dute: pisua, hesidun lasterketak, esprintak, iraupen luzeko eta laburreko lasterketak, altuera jauzia... Denetarik egiten dute. Hala, diziplina guztiak jorratu nahi dituzte gaztetxoekin: "Aurreiritziak alde batera utzi, eta atletismoaren mundu zabala erakutsi nahi genien haurrei". LH3tik LH6ra bitarteko haurrak dituzte taldean; benjaminak eta kimuak, alegia. Bi ordutegi dituzte: "Haurrek eskolaz kanpoko jarduera asko izaten dituzte, eta ez da erraza izan egokitzea". Neurri batean, atletismoa indartzen ari direla uste du Rubiok, eta 26ko taldea kopuru polita dela iritzi dio. Askotariko gauzak egiten dituzte entrenamenduetan: "Eguraldiarekin asko jokatzen dugu. Txarra egiten duenean frontoian geratzen gara, eta altuera jauzia, hesidun lasterketak eta pisua lantzen ditugu bertan. Daukagun materiala primerakoa da, eta denetarik egiten dugu". Txikienekin, batez ere, jolasak eta ariketak lantzen dituzte entrenamenduak eramangarriagoak izan daitezen. "Badakigu entrenamendu guztietan korrika egiten jartzen baditugu aspertu egingo ditugula, eta hurrengo egunean, agian, ez dutela etortzeko gogorik izango. Jolasaren bitartez kirola egiten entretenitzen ditugu", dio Rubiok. Krosen denboraldia iristean, ordea,  haurrak lasterketetarako prestatzen dituzte. Antolatzaileen arabera, garrantzitsua izaten da haurrek beraiek distantziak neurtzen ikastea.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide