Atzo izan zuten lehen bilera, gazteri, kirol eta kultur eragileekin.
Orioko Udalak partaidetza prozesu bat jarri du martxan herriko ekipamenduei buruzko gogoeta egiteko. Elhuyar Aholkularitzak dinamizatuko du prozesua eta hiru bilera antolatu dituzte guztira. Lehen bilera atzo, azaroaren 22an egin zuten, gazteri, kirol eta kultur eragileekin.
Azken hamabost urteetan hazkunde handia izan du Oriok, 650 etxebizitza inguru eraiki dira herrian, eta ekipamenduetan ere handia izan da hazkundea. Udalaren inbertsio gaitasuna, ordea, ez da bereziki handia: 270,000 eurokoa izan da 2017an, aurrekontuaren %3,73. Inguruko herriek aurrekontuaren %10 inguru inbertsioetara bideratzen dutela kontuan izanik, Orion aurrekontu apala dagoela aipatu zuen udal arkitektoak.
Bileran, herriko ekipamenduen errepaso azkarra egin zuen arkitektoak. Ondoren, parte-hartzaileek, taldeka, horien balorazioa eta hobetzeko proposamenak egin zituzten. Bilera hauen helburua gogoeta egin eta herritarrekin lehentasunak markatzea dela azaldu zuten dinamizatzaileek.