Banderen bedeinkazioa eta herri bazkaria egingo dute abenduaren 9an.
Tradizioari jarraituz, Orioko taldeak Kontxako estropada edota Espainiako txapelketa irabazten duen urtean banderen bedeinkazioa egiten da. Orioko traineruak 2007an irabazi zuen azkenekoz Kontxako estropada, eta aurten berriz irabazi duenez, 2007tik hona Orioko Arraun Elkarteak irabazi dituen bandera guztiak bedeinkatuko dituzte abenduaren 9an: guztira, 160 bandera, horien artean aurtengo 17ak (6, bateletan; eta 11, trainerutan).
Abenduaren 9an bedeinkatuko dituzte banderak 13:00etan, eta herri bazkaria egingo dute ondoren, Karela kiroldegiko pistan. Horretaz gain, Strapalucio txaranga ibiliko da kalez kale egunean zehar.
Bazkariko txartelak turismo bulegoan daude salgai, azaroaren 30a arte. Haurren txartela 15 euroren truke eskuratu daiteke, eta helduenak, 35 euroko kostua izango du.