Karela kiroldegia birgaitzeko hitzarmena sinatu dute Orioko Udalak eta aldundiak

Urola Kostako Hitza 2017ko azaroaren 17a

Aldundiak 51.160 euro bideratuko ditu lan horietara; udala arduratuko da obreaz, eta 2018ko abenduaren 31 baino lehen egon beharko dute amaituta.

Erdian, Denis Itxaso eta Jose Angel Zaldua (GFA).

Karela udal kiroldegia birgaitzeko hitzarmena sinatu dute eguerdian Denis Itxaso Kultura eta Kirol Departamentuko diputatuak eta Jose Angel Zaldua Orioko alkateak. Aldundiak 51.160 euro bideratuko ditu lan horietara, eta laguntza hori kirol ekipamenduak birmoldatu, berritu, ordezkatu eta lekualdatzeko 2017-2020 aldiko Gipuzkoako Kirol Ekipamenduen Planaren esparruan sartzen da.

Udala arduratuko da obrak gauzatzeaz, eta 2018ko abenduaren 31 baino lehen egon beharko dute amaituta. Instalazioak kirolerako  erabili beharko dira 10 urtez gutxienez.

Herritar guztien baldintzetara egokitu nahi dituzte instalazioak. Aldundiaren lurraldeko baliabide energetikoak optimizatzeko politiken barruan, Eraginkortasun Energetikoaren Ziurtagiriaren baldintzak bete beharko ditu Orioko kiroldegiak.

Udalak eta aldundiak modu positiboan baloratu dute lankidetza, eta adierazi dute "inoiz baino beharrezkoagoa" dela baliabide publikoak modu eraginkorrean eta iraunkorrean erabiltzea, erakundeen arteko lankidetzatik abiatuta.

Ondoren, Itxasok eta bere lan taldeak Mutiozabaleko ontziolaren berritze obrak bisitatu dituzte. 2016ko hasieran aldundiak etaudalak hitzarmen bat sinatu zuten udalak ontziola eros zezan. Udalaren asmoa da ontziolan gune bizi bat sortzea: espazio horretan ontziak konponduko dira eta itsasoarekin lotutako hainbat ekintza antolatuko dira. Aldundiak 47.981 euro jarri zituen horretarako.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide