Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Ikasturte berezia da aurtengoa Orioko Zaragueta Herri Eskolarentzat. 40 urte bete dira eskola ikasleak euskara hutsean hezten hasi zenetik, eta programa zabala antolatu du ikasturte guztirako.
Eskolak euskara hutsez ematen hasi zirenetik 40 urte bete direla ospatzeko, programa oparoa antolatu dute ikasturterako. Hilero ekimenen bat egingo dutela iragarri dute, baina oraindik programako xehetasun batzuk ixteko badaude ere, ekintza batzuen nondik norakoak aurreratu dituzte antolatzaileek: gosari tertulia, Herri natur taldearekin irteera, bazkaria eta amaierako ekitaldia...
Lehenengo ekimenak aste honetan bertan izango dira. Ostegunean, Euskara eta euskaldunen arnasa mahai ingurua; Kike Amonarriz eta Jabi Zabaleta euskara teknikariarekin. Salatxo aretoan elkartuko dira, 19:00etatik aurrera. Ostiralean, aldiz, Txantxariak kale musikariek emanaldia eskainiko dute Zaraguetan bertan. 17:00etan hasiko da, eskolako frontoian.
Amaitu dira eskola handitzeko lanak
Urriaren 11n amaitu ziren Zaragueta handitzeko lanak. Lanik handienak udan egin dituzte, eta lau gela berri sortu dituzte (bi solairu bakoitzean). Gainera, eskolako jangela ere handitu egin dute. Eskola handitzeko lanarekin batera, beste zenbait konponketa egiteko premia ikusi du udalak: eraikinaren teilatu hegalak konpondu, terraza zaharra kristalizatu, umeen jolas parkeko lurra berritu eta kanpoko biltegia handitu dute.