Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Herriko ekipamenduen inguruko gogoeta egin nahi du Orioko Udalak herritarrekin batera. Parte hartze prozesua abiatuko dute, elkarteetako ordezkariekin eta herritarrekin gaia lantzeko.
Bi bilera egingo dituzte azaroan: bata, kultura eta gazteria alorreko elkarteekin; eta bestea, turismo, merkataritza, hezkuntza eta osasun arlokoekin. Herriak dituen ekipamenduen diagnostiko konpartitu bat osatzea da asmoa, hutsuneak identifikatu eta etorkizunean egin beharreko lanen lehentasunak markatuz. Abenduaren 13an izango da azken bilera, eta parte hartu nahi duten herritar guztiei zabaldu diete deialdia. Prozesu hau udalak bultzatu du eta Elhuyar enpresak bideratuko. Gipuzkoako Foru Aldundiko Herritarren Partaidetzarako Zuzendaritzaren diru-laguntza jaso dute, prozesu hau bultzatzeko.
Ekipamenduak
Orioko Udalak herria ekipamenduz "ondo osatuta" dagoela uste du, baina horiek mantendu eta berriak sortzeko aurrekontu mugatua duela azaldu du. Ekipamenduen inguruko iritziak bildu eta falta direnak identifikatu nahi dituzte, bideragarriak diren ala ez aztertzeko, lehentasunak markatzeko eta adosteko.