Juan Angel Garmendia eta tripulazioko kideak, Ternuan. (Karkara.eus)
Juan Angel Garmendia Ternuan izan da aurtengo udan. 450 kilometroko itsas zeharkaldi batean parte hartu du, euskal arrantzaleek baleak ehizatzen zituzten kostaldeetan barrena. Ternuako biztanleek urtero antolatzen duten euskal astearen barruan egin dute zeharkaldia, Garmendia eta tripulazioko kideek. Esperientzia zoragarria izan da berarentzat, eta buruan dauka berriro ere itzultzeko ideia.
Beteranoen arraun ligan parte hartzen du Garmendiak Zarauzko txaluparekin. Ipar Euskal Herriko elkarteekin harreman handia izan du betidanik, eta Ibaialde da elkarte horietako bat. Lehenago ere bi espedizio egin zituzten, eta hirugarrenerako jendea behar zutela-eta jarri ziren Garmendiarekin harremanetan. Eta ez zuen inolako zalantzarik izan.
Urtero antolatzen den euskal festaren harira joan ziren bertara. Ipar Euskal Herriko jendea gonbidatzen dute pilotan jokatzera, euskal jakiak prestatzera, eta dantzan zein kantuan aritzera. Azken egunean elkartu ziren denak, eta Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin, St. Pierren Euskal Etxea eraikitzeko lehen harria jarri zuten. Euskaldunek bertan utzitako arrastoa nabarmena dela dio: "St Pierre & Miquelonen, esaterako, 6.000 biztanletik 3.500ek dituzte abizen euskaldunak".
450 kilometro
Ternuako Placentia herritik St. Pierre & Miquelon irletara joan ziren arraunean, 10 etapatan 450 kilometroko ibilbidea osatuz. Euskal Herriko 24 lagunek osatu dute tripulazioa: Lapurdiko zazpik, lau getxoztarrek, hiru zarauztarrek, Garmendia berak eta euskal jatorriko Montreal eta Quebequeko herritarrek. Bertakoek arraunean ez zekiten arren, hangoei arraunean erakustea ere bazen proiektuaren xedea, Garmendiaren hitzetan.
"Taldea hiru tripulaziotan banatu genuen. Ordu erdiko lau saioren ostean, txalupa erdia atera egiten zen zeharkaldian laguntzen zigun itsasontzira, eta kanpokoak sartu. Batez beste, bakoitzak lau ordutik gora egin ditugu arraunean egunero". Fisikoki sufritu arren, gogorrena alderdi psikologikoa dela uste du.
Haizealdiek "gauzak zaildu" zizkien etapa batzuetan. Etapa bat gogoan du, kostaldeari itsatsita egin behar izan baitzuten arraunean, zegoen haize gogorraren aurka. Lekuaren "handitasunak" harrapatu zituela azaldu du Garmendiak, eta oroitzapen horrekin itzuli da Ternuatik.