Jon Salsamendi. (Iban Egiguren/Karkara.com)
Jon Salsamendik (Orio, 1970) Orio Arraun Elkartearen gizonezkoen traineruaren entrenatzaile izaten jarraituko du. Elkartearen zuzendaritzak jakinarazi du, ohar bidez, 2018ko irailean berrikusi daitekeen bi urteko akordioa sinatu dutela. Era horretan, duten proiektuari segida eman nahi diote. Bi aldeak pozik daude hitzarmenarekin. Lan fisikoa alde batera utzita, datorren urteko denboraldirako beste lan batzuk egiteko garaia da hau Salsamendirentzako.
Arraun denboraldia bukatu da. Oriorako itzulerak emaitza onak eman dizkizu.
Denboraldiko ibilbidea oso ona izan da, eta niretzako emaitza borobila izan da. Ondo egindako bidea izan dela esango nuke.
Entrenatzaile kontratua bi urterako berritu duzu Orio Arraun Elkartearekin. Zertan oinarritu da hitzarmena?
Orioko arraun klubeko zuzendaritzak Zarauzko estropadaren aurretik esan zidan nik jarraitzea nahi zuela. Bazekiten iaz hartu genuen konpromisoa aurten beteko zela, eta nirekin hizketan hasi ziren; batik bat adieraziz, gustura zeudela eta nirekin jarraitu nahi zutela. Behin hori entzunda, denboraldia bukatutakoan hitz egingo genuela esan nien nik. Denboraldia bukatu denean horretaz guztiaz hitz egin dugu, eta ahal bada behintzat bi urte hauek elkarrekin egiteko adostasunera iritsi gara. Alde batetik, aurtengo denboraldian hasi dugun proiektu honi jarraipena eman nahi dio arraun elkarteko zuzendaritzak. Bestetik, gaur egungo zuzendaritzak beste bi urteko agintaldia du, eta nirekin bukatzea gustatuko litzaiekeela esan didate. Bi aldeak pozik gaude, baina errealistak gara; horregatik, hurrengo urtea bukatutakoan berriz ere kontratua berrikusteko aukera izango da. Nahiz eta bi urterako kontratua sinatu, argi daukagu, eta esperientziak hala esaten du, hau kirola dela, lehia dela. Nire kasuan profesionala naiz, eta beti izango du klubak aukera, edozer gauza gertatuko balitz, berriz ere kontratua berrikusteko. Baina intentzio aldetik, borondate aldetik, sinatutakoagatik eta esandakoagatik, urtebetekoa bakarrik izan beharrean, bi urtekoa izateko ahalegin horretaz hitz egiten aritu gara.
Beraz, horregatik hitzartu duzue datorren urteko irailean berriro hitzarmena berrikusteko aukera?
Kontratua sinatuta dago, baina arraunaz ari gara eta arraun elkarte batez, eta normala den bezala, gauza antinaturalik ez dugu egingo. Zer izan zitekeen antinaturala? Mila gauza pasatzen dira urte batean, eta edozein arazo egongo balitz, berriro hori aurreikusteko aukera izatea jaso dugu. Ez daukagu intentzio hori, baina edozer gauza pasatu liteke. Beno, ohituta gaude arraunean edo beste kiroletan; futbolean, esaterako, sei jardunaldi jokatu eta hiru entrenatzaile kaleratu dituzte. Ni behintzat ez naiz inorentzako traba izango, nahiz eta kontratua sinatuta egon. Baina intentzioa bi urte egitea da, hitzartutakoa hori baita.
Denboraldia bukatuta, orain oporrak izango dituzue, ezta?
Taldea bai, oporretan dago. Denboraldia bukatu eta bi egunera elkartu ginen material guztia garbitzeko eta jasotzeko, eta aurreko astean parrillada batekin denboraldia bukatutzat eman genuen. Orain, arraunari dagokionez, azarora arte libre egoten dira arraunlariak. Arraun elkarteko zuzendaritza batzordearentzako eta entrenatzailearentzako, berriz, arraunlariekin hitz egiteko egunak dira hauek, datorren urterako proiektuari begirazein arraunlari egon daitekeen eta zein ez jakiteko. Nire aldetik esan dezaket egun hauetan fisikoki oporrak ditudala, baina beste lan batzuk ditut egiteko.
Aurtengo traineru bera izatea gustatuko al litzaizuke datorren urtean?
Niri hala gustatuko litzaidake, aurtengori jarraipena ematea nahiko nuke. Lan asko egin dugu aurten, eta polita litzateke aurtengo proiektua jarraituz aurrerapausoak ematea. Horrek ez du esan nahi ez denik aldaketarik egongo, arraunlarien irteerak eta sarrerak egon daitezke. Pixka bat hori da orain kudeatu behar duguna. Oinarria aurten jardun duten arraunlariak dira, eta horiekin izan behar dut aurreneko hitzordua. Gero, haien erantzunen arabera, beste mugimendu batzuk egin beharko ditugu. Nik uste dut, ordea, aurtengo arraunlarietan dagoela ardatza, eta horretan egingo dugu ahalegina. Nik, behintzat, denekin kontatu nahiko nuke, baina arrauna arrauna izanik eta bakoitzaren bizitzaren gorabeherak ezagututa, normaltzat joko nuke, edozein taldetan gertatzen den bezalaxe, aldaketaren bat edo beste egotea. Guk lan egiteko orduan lehentasuna aurten arraun egin duten arraunlariei emango diegu.
Gorka Aranberri, patroia, zurekin batera etorri zen Oriora. Orion jarraituko al du? Edo hori asko galdetzea litzateke?
Lehen ere erantzun dut galdera hori. Gorka Aranberri, beste arraunlari denak bezalaxe, aurtengo taldeko kide bat da, eta iaz egin zuen bezala, kirol egoera eta egoera pertsonala baloratu beharko ditu. Arraunak konpromiso asko eskatzen du, eta hori urtetik urtera aztertu behar da. Niri jarraitzea gustatuko litzaidake, eta ea hala den. Kirol arlotik badakit gustura bukatu duela Aranberrik, baina kontu hauetan ez da inor konpromisoan jarri behar. Erabakia askatasun osoz hartzen utzi behar da. Nik esan behar diodanean esango diot, baina momentu honetan denekin hitz egitekotan nago. Baieztatu da nik Orion jarraituko dudala, eta hortik aurrera hasiko naiz lanean. Ez diot inori telefonora deitu, ezta inoren telefonorik hartu ere; hemendik aurrerako lanak dira horiek.