Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Getariako Udalak kultur arloko hainbat ikastaro eta jarduera antolatu ditu ikasturte berrirako. Alde batetik, Katukale Irakurle Taldeak irailaren 28an egingo du lehen saioa Getariako liburutegian, 18:30ean hasita. Uxue Alberdi bertsolari eta idazlea da taldeko dinamizatzailea, eta hilero liburu bat izango dute parte hartzaileek mintzagai; gainera, bi hilean behin idazle gonbidatu batek parte hartuko du solasaldian. Ikasturte osoaren prezioa 30 euro izango da.
Lehen saioan Laura esaten zioten. Miren Odriozolaren borrokak liburua izango dute hizpide taldean, eta Leire Ibarguren idazleak eta Miren Odriozola protagonistak parte hartuko dute solasaldian.
Bertsolaritza tailerra ere egingo dute aurten Getarian, Maialen Valverdek gidatuta; eta maila guztietako bertsolariei zuzendua izango da. Ostegunetan izango dira saioak: helduak 20:00etan bilduko dira, eta 12-16 urte artekoak 18:30ean, Eskualtxetan. Bertan parte hartu nahi dutenek hilaren 26a baino lehen eman behar dute izena udaletxean; ikasturte osoaren prezioa 50 eurokoa izango da.
Bestalde, gurasoei zuzendutako euskara ikastaroak ere eskainiko dituzte Getarian. Urritik maiatzera bitartean astelehen, astearte eta ostegunetan, 14:30etik 16:00etara izango dira saioak. Ikastaroaren prezioa 100 eurokoa da. Euskara saio horietan parte hartu nahi dutenek, ostiralera arte eman dezakete izena Getariako Udalean.
Pintura tailerra
Margotzea atsegin dutenentzat Pintura Tailerra eskainiko dute herrian, eta Manuel Fernandes izango da tailerreko irakaslea. Bertan parte hartu nahi dutenek irailaren 28a baino lehen eman beharko dute izena udaletxean. Eta taldeko bilera egun horretan bertan egingo dute 18:30ean, Alondegian.