Herriak ongi-etorri beroa egin die Orioko arraunlariei

Urola Kostako Hitza 2017ko irailaren 11

Orioko plaza, herritarrez beteta, atzo iluntzean. (Karkara) Orioko traineruak Kontxako Bandera irabazi zuen atzo, hogeita hamabigarren aldiz. Arraunlarien lorpena ospatzeko, ongi-etorri beroa egin zien herritarrek iluntzean traineruko kideei. 20:00etarako aurreikusita zegoen errezibimendua, eta ordu bete lehenagotik plaza horiz jantzi zen. Txu-txu trenaren gainean iritsi ziren traineruko kideak herriko plazara Talai Mendi txarangak lagunduta, eta zaleen artetik igo ziren udaletxera txalo zaparradaren artean. Benito Lertxundiren Mirotzak abestiaren doinuan astindu zuten Kontxako Bandera arraunlariek banan-banan. Ondoren, Jon Salsamendik hartu zuen hitza udaletxeko balkoitik. "Imajinatzen al duzue denon artean irabazitako bandera batek zer nolako sentipenak sortuko lizkiguken?" Hori izan zen Jon Salsamendik ostiralean sare sozialen bidez bota zuen galdera. Oriotarrak deitu zituen ostiralean plazan bildu eta herriko traineruari babesa agertzeko, eta erantzun zabala izan zuen deialdiak. 19:15erako portua oriotarrez bete baitzen herriko bi traineruak animatzeko. Salsamendik igandean denboraldian zehar babesa agertu duten oriotar eta Orioko zale guztiei eskerrak eman zizkien. "Badia barruan hartu ditugun azken hiru olatuak oriotarren bultzadari esker izan dira. Herri guztiak indarrak batuta irabazi dugu Kontxako Bandera. Herriari zoriondu behar zaio denboraldi guztian zehar taldeari eman dion babesagatik". Ildo horretan, Oriok eta Orioko zaleek azken hamar urtetan "aurkariaren garaipenei balioa ematen eta etxeko taldeak egiten duen ahalegina aitortzen ikasi duela" adierazi zuen. Traineruaren aurreko entrenatzaileak ere zoriondu zituen Salsamendik jendaurrean, eta igandean lortutako garaipena haiek hasitako bidearen jarraipena dela esan zuen.  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide