Donostiako Estropadari buelta ematen saiatuko dira oriotarrak

Aiora Larrañaga Solaberrieta 2017ko irailaren 5a

Donostiako arranplan zaleak Orioko traineruaren zain. (Egiguren Argazkiak) Iritsi da arraunzaleek urtean zehar hainbeste itxaron duten hitzordua. Gizonezkoen traineruak denboraldian lortu dituen garaipenek Kontxako Bandera irabazteko esperantza sortu dute azken astetan herritarren artean, eta igandean, goizean goizetik giro berezia nabari zen Orion. Herritarrak horiz jantzita, balkoiak apainduta, kafetegiak jendez josita, eta tren geltokian jendetza Donostiarako bidea hartzeko zain. Goizeko 11:00etan abiatu zuten emakumezkoek estropada. Oriotarrek ez zuten hitzordua galdu nahi izan, eta Donostiako arranpla eta portu inguruak horiz jantzi zituzten. Lehen txandan arraunean egin zuen Orioko ontziak. Hibaika, Arraun Lagunak eta Mecos izan zituen aurkari, eta hasieratik bigarren postuan jarri zen oriotarren txalupa. Gertutik eutsi zioten Orioko neskek Hibaikari, baina bigarren luzean ihes egin zuen Errenteriako ontziak. Faborito nagusia zen San Juanek bigarren txandan arraunean egin zuen, baina pasaitarrak estropadaren buruan jarri baziren ere ez zuen lortu Hibaikaren denbora hobetzerik; Orio hirugarren postuan sailkatu zen, denboraldiko joerari jarraituz. Orio Arraunketa Elkarteko arraunlari Itsaso Azkonobietak estropada bukatutakoan adierazi zuenez, «oso indartsu» atera zen taldea. "Ziabogara arte gertutik eutsi diegu, baina badian sartu garenean ezin izan diogu jarraitu. Dena dela, datorren asteburuari begira motibatuta gaude". Konfiantza taldean 12:00etan abiatu zuten gizonezkoek Donostiako Estropadako lehen jardunaldia. Oriotarrek lehen txandan egin zuten arraunean, eta hasieratik estropadaren buruan jarri ziren gainontzekoak atzean utzita. Jardunaldia abiatu aurretik, adituek aurreratu zuten itsasoaren egoerak marka hausteko aukerak irekiko zituela, eta asmatu egin zuten. Oriok lau segundogatik ez zuen gainditu Castrok 2006an jarritako 19:58 denborako marka, eta bigarren txandan aritu ziren Urdaibaik eta Hondarribiak estropada bikaina egin eta 18:53,52 eta 18:57,80 denboran osatu zuten, marka berria jarriz. Josu Indo arraunlariak estropada amaitutakoan adierazi zuenez, sentipen gazi-gozoarekin amaitu zuten oriotarrek estropada. "Genuen dena eman dugu uretan, eta inoiz Orioko traineruak egin duen denborarik onena lortu dugu. Dena dela, ez dugu zorterik izan eta nahiko triste gaude. Hala ere, datorren asteko jardunaldian pentsatu behar dugu, eta igandean estropadari buelta ematen saiatu". Oriotarrak uste du itsaso txarra badago edozer gauza gerta daitekeela igandean. "Itsaso txarrarekin ondo moldatzen gara, konfiantza handia dugu gure aukeretan. Jakin badakigu, lau taldeok oso maila ona dugula, baina kaleek zeresana izan dezakete. Ea zortea dugun". DONOSTIAKO ESTROPADAKO 1. JARDUNALDIA SAILKAPENA Gizonak 1.- Bermeo-Urdaibai 18:53,53 2.- Hondarribia 18:57,80 3.- Orio 19:03,30 4.- Kaiku 19:07,64 5.- Zierbena 19:21,78 6.- Tiran 19:31,40 7.- San Juan 19:31,40 8.- Donostiarra 19:32,48 Emakumezkoak 1.- Hibaika 10:36,02 2.- San Juan 10:38,68 3.- Orio 10:46,60 4.- Arraun Lagunak 10:56,00 5.- Mecos 10:57,70 6.- Deusto 11:02,26 7.- Donostiarra 11:06,38 8.- Hernani 11:14,34

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide