Zilarra eskuratu dute Carrerak eta Gozategik Europako sofbol lehian

Aiora Larrañaga Solaberrieta 2017ko abuztuaren 30a

Atletico San Sebastian taldea zilarrezko domina ospatzen. (A.S.S.) Rebeka Carrera eta Miren Gozategi oriotarrek Europako Sofbol Txapelketa jokatu zuten pasa den astean Italiako Montegranaro hirian Atletico San Sebastian taldearekin. Finalera iritsi zen Donostiako taldea, eta larunbatean jokatu zuten azken partida Errusiako Caroussel taldearen aurka. Finala irabazi ez bazuten ere, «oso gustura» daude egin duten lanarekin. Rebeka Carrera jokalari oriotarrak azaldu duenez, finalera iritsita beren nahia bete dute. Izan ere, «gure helburua lehendabiziko hiru postuetan sailkatzea» zela nabarmendu du. Lehen partida, Europako Txapelketako inaugurazioko partida, italiarren aurka jokatu zuten Donostiako taldeak. «Lehen partidaz gain, lehen faseko norgehiagoka gehienak irabazi genituen. Errusiaren aurka jokatu genuen finalerdia ostiralean, eta galdu egin genuen norgehiagoka. Errusiarrak zuzenean finala jokatzeko sailkatu ziren, eta guk larunbat eguerdian Eslovakiako Apollo Bratislava taldearen aurka jokatu behar izan genuen finalera sailkatzeko partida, 40 graduko tenperaturarekin eta eguzkitan». Oriotarraren iritziz, talde «indartsua» da Eslovakiakoa, «AEBetatik etorritako pitcher oso ona dute gainera». Hala ere, donostiarrek 6-5 emaitzarekin irabazi zuten lehia. Nekearen eragina Larunbatean, 20:30ean jokatu zuten finala. Nazioarte mailan eskarmentu handia duen sofbol jokalari oriotarraren esanetan, «oso maila ona» duen taldea da Errusiako Caroussel, «jokalari gehienak Errusiako selekzioko kideak baitira». Gainera, «errusiarrak atseden hartzeko egun bat izan zuten; guk berriz, egun berean bi partida gogor jokatu behar izan genituen». Partida 5-0 galtzen hasi ziren euskaldunak, baina emaitzari buelta ematen saiatu ziren, eta aldeak murriztuz, aurkariarengandik puntu batera jarri ziren. Dena dela, amaieran nekeak eraginda, behera egin zuen Donostiako taldeak, eta 9-4 emaitzarekin irabazi zuten errusiarrek finaleko norgehiagoka. Europako Sofbol Txapelketan podiumera igotzea lortu duen lehen euskal taldea izan da Atletico San Sebastian, eta jokalari oriotarrak egin duten lanaz «harro» daude. «Txapelketa zoragarria izan da, eta partida onak jokatu ditugu», adierazi du Carrerak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide