Gizonezkoen trainerua, Getxoko Ikurriñako une batean. Euskolabel Liga
Eusko Label Ligako erdira helduta, atzo jokatu zuten TKEko 9. jardunaldia: 39. Getxoko Ikurriña. Estua izan zen oso estropada; izan ere, Hondarribia eta Orion arteko aldea oso txikia izan zen bukaerara arte. Hirugarren txandan lehiatu ziren Ohorezko Txandako lau traineruak: Hondarribia, Urdaibai, Kaiku eta Orio, hain zuzen ere. Hasieran parez pare aritu ziren Urdaibai, Hondarribia eta Orio, 4 segundu inguruko aldea ateraz Kaikuri. Lehenbiziko ziabogan, ordea, aurrera hartu zuten Ama Guadalupekoek eta San Nikolasek, atzean utziz Urdaibai.Une horretatik aurrera, lehia are estuagoa izan zen bien artean, eta azkenean, olatu baten laguntzarekin, hiru ehuneneko tartea atera zion Hondarribiak eskualdekoei. Hona hemen atzoko jardunaldiko sailkapena:
- Hondarribia 19:46,29
- Orio 19:46,32
- Urdaibai 19:59,94
- Kaiku 20:14,97
- Tiran 20:16,65
- San Juan 20:27,30
- San Pedro 20:29,62
- Zierbena 20:29,83
- Ondarroa 20:36,31
- Cabo 20:36,86
- Ares 20:44,34
Astillero 20:59
Orioko ordezkari Iñaki Arostegik nabarmendu zuen bezala, “azken olatuan erabaki” zen 39. Getxoko Ikurriña. “Oso harro” agertu zen Arostegi, “estropada bikaina” izan zelako. Hala ere, nabarmendu zuen “pozik egoteko arrazoiak egon arren, gera emateko prest” daudela oriotarrak. Gaur izango dute hurrengo hitzordua, Zierbenan. XXXIV. Petronor Bandera jokatuko dute, 12:00etatik aurrera.
Emakumezkoen trainerua, estropadaren une batean. Euskotren Liga
Gizonezkoen aurretik, emakumezkoen txanda izan zen. Getxoko IX. Ikurriña zuten jokoan, Euskotren Ligako 5. jardunaldia. Bertan lehiatu ziren Orio, Arraun Lagunak, Hibaika eta San Juanen aurka. San Juan hasieratik izan zen buruan, eta hala jarraitu zuen. Hibaikak aurrea hartu nahi izan zion, baina ez zuen lortu. 7 segunduko aldea atera zion San Juanek, ligako laugarren garaipena eskuratuz. Hirugarren egin zuten oriotarrek, irabazlearengandik 15 segundura helmugaratuta. Hona hemen atzoko estropadako emaitzak:
- San Juan 10:51,61
- Hibaika 10:58,15
- Orio 11:06,45
- Arraun Lagunak 11,20,25
Gizonezkoek bezala, emakumezkoek ere gaur izango dute Euskotren Ligako hurrengo hitzordua, toki berean, Zierbenan, alegia. II. Petronor Banderan lehiatuko dira.