Gaur eguerdiko Lekeitioko estropadak. (Karkara.com)
Gaur eguerdian Euskadiko Traineru Txapelketa jokatu da Lekeition. Lehia ikusgarria izan da, eta irabazleek azken unera arte borrokatu behar izan dute bandera preziatua lortzeko. Emakumezkoetan Hibaika izan da garaile, San Juango txalupari 1,98 segundu aterata. Gizonezkoetan Urdaibaik irabazi du bandera, Hondarribiarekiko 1,60 segunduko aldearekin.
Orioko nesken traineruak estropada ederra egin du. Eroso irabazi du bere txanda, eta sailkapen orokorrean 3. postuan sailkatu da Santi Zabaletaren taldea, irabazlearengandik 16,21 segundura.
Jon Salsamendiren mutilek estropada txukuna egin dute, inork nahi ez zuen laugarren kaletik. Lehen bi luzeetan ondo aritu dira arraunean, baina bigarren ziabogan balizarekin trabatu dira eta erritmoa galdu dute. Hirugarren postuan amaitu dute estropada, Urdaibaiko txaluparengandik 21,57 segundura.