Erlojuaren aurka lehiatu dira, bai gizonezkoak bai emakumezkoak, Oria ibaian.
Eusko Label Ligako hirugarren jardunaldia jokatu dute lehenik eta behin, eta Hondarribia izan da azkarren, 19:31:76kodenborarekin. Bigarren denbora onena sailkapeneko lider den Urdaibaik lortu du, irabazleengandik 3 segundora, eta hirugarren lekuan, ezustekoa emanez, Zierbena kokatu da, 7 segundora. Etxeko taldea azken estropada irabaztetik zetorren, baina gaurkoan 5. postuarekin konformatu behar izan du, Kaikuren atzetik; sailkapen orokorrean 3. jarri da, 29 punturekin.
Eusko Tren Ligako lehen sailkatze estropada jokatu dute jarraian, eta Hibaika nagusitu da. Iazko txapeldun San Juan izan da bigarren, 3 segundora, eta Orioko trainerua hirugarren, 16 segundora; laugarren tokia Arraun Lagunakek erdietsi du. Sailkapena ondorengoek jarraitu dute, hurrenez hurren: Hernani, Deustu, Donostiarra, Portugalete, Cabo eta Lea-Artibai. Lau ontzik lortuko dute ligan lehiatzeko txartela, eta, momentuz, sailkatzeko pauso garrantzitsua eman du Oriok; 8 puntu lortu ditu gaur.
Emakumeek bihar eguerdian jokatuko dute bigarren sailkatze estropada Donostian; gaurkoak eta biharkoak batuta erabakiko da zein ontzi ariko diren goi mailan lehian aurtengo denboraldian. Gizonezkoen laugarren jardunaldia ere bertan jokatuko dute. Biak ala biak, Orion bezala, erlojupeko probak izango dira.
[flickr_set id="72157686023071145"]