Ezustekoa eman eta Sestaoko bandera irabazi du Oriok

Urola Kostako Hitza 2017ko uztailaren 4a

Arraunlariak igandean irabazitako Sestaoko banderarekin, Orioko udaletxean. (Joxejulian Olasagasti) Orioko plaza kolore horiz josi zen igandean, etxeko traineruaren denboraldiko lehen bandera ospatzeko. Azken urtetan Orioko traineruak gorabehera handiak izan ditu, eta ez da beti onenen artean ibili. Horren aurrean, joan den udazkenean Jon Salsamendi entrenatzailea fitxatu zuen Orio Arraunketa Elkarteak, emaitzetan koska bat igotzeko eta banderak irabazteko lehian aritzeko asmoz. Ederki hasi dute oriotarrek denboraldia. Larunbatean abiatu zuten traineruek Eusko Label Liga, eta lehen estropada Bilbon jokatu zuten erlojuaren aurka. Urdaibaik lortu zuen garaipena, eta Orio laugarren postuan sailkatu zen, igandeko estropadarako ohorezko txandan jokatzeko txartela lortuz. Igandean, Sestaoko Bandera izan zuten jokoan Portugaleten, eta ezustekoa eman zuten oriotarrek, Urdaibairen eta Hondarribiaren aurretik helmugaratu baitziren. Estropadaren lehen zatian traineruen artean lehia estua ikusteko aukera izan zuten arraunzaleek. Lehen ziabogara hirugarren postuan iritsi zen Orio, baina bigarren luzean aurkariei aurre hartu zien, bigarren balizara gainontzekoak baino hiru segundo lehenago iritsiz. Estropadaren bigarren zatian aldea handitu zuen traineru horiak, eta bandera irabaztea lortu zuen. Estropada Portugaleten izan bazen ere, ikusmin handiz jarraitu zuten oriotarrek estropada telebistaz eta irratiz, eta etxeko ontziari bandera irabazteko metro gutxi falta zitzaizkionean «Aupa Orio!» oihuak entzun ahal izan ziren herriko kaleetan. Emakumeak, hirugarren Orioko emakumezkoen traineruak Gipuzkoako Emakumezkoen Traineru Ligako bi estropada izan zituzten Donostian. Oriotarrak hirugarren postuan sailkatu ziren San Juanen eta Hibaikaren atzetik bi norgehiagoketan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide