Oriok "ondo prestatuta" ekingo dio asteburuan Eusko Label Ligari

Aiora Larrañaga Solabarrieta 2017ko eka. 29a, 11:07

TKE Ligako lehen estropada puntuagarria jokatuko dute larunbat honetan, 19:00etan hasita, Bilbon. Orioko entrenatzaile Salsamendik denboraldiko asmoak izan ditu hizpide

Orio Arraunketa Elkartearen aurkezpena izan zen atzo arratsaldean, Orioko plazan. (Aiora Larrañaga Solabarrieta) Larunbatean abiatuko dute Bilbon Traineru Kluben Elkartearen liga nagusia, Eusko Label Liga izenarekin. Aurtengo denboraldian Orio Arraun Elkarteko trainerua izango da eskualdeko ordezkari bakarra TKE Ligan, iaz Zumaiako Telmo Deunek maila galdu ostean. Atzo arratsaldean aurkeztu zituzten Orio Arraunketa Elkarteko traineruak herriko plazan, eta arraunlariak eta talde teknikoa prest dira urtean zehar egindako lanaren emaitza uretan erakusteko. Aurreko sasoiarekin alderatuta, entrenatzaile berria du Oriok: Jon Salsamendi oriotarra. Azken lau denboraldietan Urdaibai taldea entrenatu du, eta iaz TKE Ligako txapelduna izatea lortu zuen Bizkaiako taldearekin. Aurten, denboraldi aurrekoan egindako lanarekin gustura daude Oriokoak, bandera bat irabazi baitu elkarteko traineru nagusiak. "Bandera irabaztea beti da pozgarria. Hala ere, oso garbi daukagu denboraldi aurreko estropadek udakoekin zerikusirik ez dutela. Horregatik, gaur egun taldeez egiten dugun balorazioak urtean zehar egindako lanaren eta prestaketaren araberakoa izan behar du", nabarmendu du Jon Salsamendi Orioko entrenatzaileak. "Zaila banderak irabaztea" Azaroan abiatu zituzten entrenamenduak Orioko gizonezkoen traineruko arraunlariek, "ezkutuko lana egin dugu orain arte, ikusten ez den hori. Oso ondo aritu dira arraunlariak entrenamenduetan", adierazi du entrenatzaileak, eta prestaketa horrek udan fruituak ematea espero du. Adituek argi dute liga hasitakoan uretan disfrutatu behar dutela arraunlariek. "Arraun munduan uretan gozatu behar dugula esaten dugunean, arraunlariek uretan ahal den mailarik onena emateaz ari gara", zehaztu du. Entrenatzailearen ustez, lehia hasteko sasoira «ondo prestatuta» iritsi dira Orioko arraunlariak, baina jakin badaki oso zaila izango dela banderak irabaztea. Hain zuzen ere, "aurkariak ere oso indartsu" daudelako. Lehia hasi aurretik helburu zehatzak finkatzea "zaila" egiten zaio Salsamendiri. Uretan, benetan lehian hasitakoan gauzak argiago ikusiko dituztela adierazi du: "Umiltasunez hartu behar dugu liga hasiera, eta bizpahiru estropada jokatzen ditugunean jakingo dugu gainontzeko aurkariekin alderatuta zein mailatan gauden". Edonola ere, Orioko traineruak duen ahalmena ezagutzen du entrenatzaileak, eta ohorezko txandan aritzea espero du aurtengo denboraldian. "Lehen estropadatik ohorezko txandan sartu eta ligan zehar hor mantendu nahiko genuke, banderak irabazteko lehian egoteko". Bi estropada asteburuan Larunbatetik aurrera Eusko Label Ligan ariko dira nor baino nor hamabi ontzi: Ares, Astillero, Cabo, Hondarribia, Kaiku, Ondarroa, San Juan, San Pedro, Orio, Tiran, Urdaibai eta Zierbena, hain zuzen ere. Asteburuan Eusko Label Ligako lehen bi estropada jokatuko dituzte Euskal Herriko, Kantabriako, Asturiaseko eta Galiziako trainerurik lehiakorrenek, eta datorren irailaren 17ra arte iraungo du. Ligako lehen proba puntuagarria Bilbon jokatuko dute larunbatean, 19:00etan hasita. Erlojupeko proba izango da, eta irteera-ordena aurreko urteko sailkapen nagusiaren araberakoa izango da; lau luze eta hiru ziaboga egin beharko dituzte. Igande eguerdian, berriz, Portugaleten izango dute hitzordua arraun taldeek, eta XVI. Sestaoko Udalaren Bandera izango dute jokoan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide