(Argazkia: Anaitasuna)
Mikel Arruti Rezabal (Orio, 1991) da Azkoitiko Anaitasuna futbol klubak 2017-18 denboraldirako egin duen lehen fitxaketa. Orioko atezainak urtebeterako kontratua sinatu du Anaitasunaren gizonezkoen talde nagusiarekin.
Atzo arratsaldean Txerloian aurkeztu zuten atezaina Josu Juaristi kirol zuzendariak eta Igor Quindos entrenatzaileak. 1,84 metroko garaiera du atezain oriotarrak, eta ibilbide luzea egin du futbolean. Jubenilen Ohorezko Mailan Antiguokon aritu zen, 2006tik 2009ra bitartean. Ondoren, atzerrira egin zuen jauzia, Eskoziara hain zuzen. Glasgowko Celtic taldean probak egin ondoren, Petershill taldean, Eskoziako Hirugarren Mailan aritu zen 2009-10 denboraldian.
Handik berriz ere Euskal Herrira itzuli zen. C.D. Rotetan aritu zen lehenik, 2010eko irailetik abendura bitartean, baina urtarriletik ekainera Zumarragako Urola K.E. taldean jokatu zuen. Azken bost denboraldietan Hirugarren Mailan aritu da Arruti, C.D. Pasajes taldean hain zuzen.