Iñigo Urdinaga 'Surflaria eta Paradisua' liburua eskuetan duela. (Aiora Larrañaga/Hitza)
Liburu "sailkaezin" eta "poliedriko" moduan deskribatu zuen Joxerra Gartziak Iñigo Urdinagaren
Surflaria eta paradisua lana. Iñigo Fernandez Ostolazaren ezizena da Iñigo Urdinaga; publizista eta komunikazio ahokularia da ofizioz oriotarra, eta bere lehen liburua aurkeztu zuen pasa den astean, Donostiako Liburutegian. Bere bi alderdiak bereizi nahi izan ditu ezizenarekin: "Iñigo Fernandez Ostolazak publizitate kanpainak egiten ditu, eta Iñigo Urdinagak
Surflaria eta paradisua liburua idatzi du. Nire benetako zaletasunekin lotuagoa dago, niretzat surfa inplikazio handiko gaia baita".
Surflaria eta Paradisua liburuaren fitxa
Izenburua: Surflaria eta Paradisua.
Egilea: Iñigo Urdinaga (Iñigo Fernandez Ostolaza).
Argitaletxea: Salbera argitaletxea, autoedizioa.
Orrialde kopurua: 208 orri.
Salneurria: 19 euro.
Webgunea:www.surflariaetaparadisua.eus
Webgunean Urizkinatik hitzaurrea eskuratu dezakete herritarrek doan PDF formatuan. Hiruzpalau orrialde horiek liburuaren funtsa laburbiltzen duen sarrera edo lehen zati esanguratsua dira.
Egileak bere bizipenak eta han-hemengo surf gertakari ezagunak nahiz ezezagunak oinarri hartu ditu, gai askotaz jarduteko: gizakiaz eta gizarteak daraman martxaz. "Surfak eskaintzen du talaia on bat munduaren martxa, bizi dugun gizartearen miseriak eta dohainak aztertzeko. Surfaren inguruan ari naiz liburuan, baina irakurleak antzemango du munduaz eta gutaz ari naizela".
Saiakera-narrazio liburua da Urdinagarena, eta hainbat kontu jasotzen ditu: 18 urterekin itsasoari buruz idatzitako pasarteak, txikitan surfa deskubritzerakoan bizitakoak eta herriko arrantzale zaharrekin izandako solasaldiak, besteak beste. "Gaztea nintzenean egunero idazten nuen: zer olatu hartu nituen, olatu onak edo txarrak izan ziren edo zenbat lagun sartu ginen uretara. Egunkari hura konplikatuz joan zen. Literaturazalea naiz, eta hausnarketa asko sortu zitzaizkidan surfa oinarri hartuta". Bestalde, bidaietan idatzitako pasarteak ere bildu ditu.
Kritikarako tartea ere badu liburuak. Izan ere, Urdinagak uste du eztabaida ireki behar dela egun surfa hartzen ari den bidearen inguruan. "Badirudi inork ez duela gaiaz hitz egin nahi, eta iruditzen zait badaudela zenbait kontu eztabaidatu beharrekoak". Egungo sistemari kritika egiten badio ere, egileak argi utzi du "asmo literario" batekin idatzitako lana dela, eta ez dela surflarientzat bakarrik. "Bertan pertsonaiez eta gertakariez hitz egiten da, baina horri balio sinboliko bat eman nahi izan diot". Gainera, surfaren inguruan idazle handiek esandakoak ere jaso ditu: Herman Melville, Mark Twain, Jack London, Agatha Christie, Eduardo Galeano, Bruce Chatwin edo William Finneganek idatzitako pasarteak, esaterako. Horien bidez, azken bost hamarkadetan surfa nola deskribatu den islatu nahi izan du idazleak.
Surfaren inguruan euskaraz idatzitako lehen liburua dela uste du oriotarrak. "Naturalki nire bizipenak eta barruko sentimenduak euskaraz adieraztea ateratzen zait. Egia da surfari lotutako hainbat kontzeptu euskaraz adieraztea ez dela beti erraza, baina zorionez guk Orion arrantzaleei itsasoaren inguruko hitz eta esamoldeak entzun izan dizkiegu". Eta horiek surfera egokitzen saiatu da idazlea.
Itsasoarekin harremana
Surfa kirol moduan ulertzen dute zenbaitek, negozio iturri da beste batzuentzat, baina oriotarrak "plazer iturri" bezala ulertzen du surfa. "Itsasoarekin, naturarekin eta munduarekin harreman berezia izaten dugu surflariok".
Dena dela, egileak uste du oriotarrek itsasoarekin duten lotura berezkoa dela, surflari izan aurretik datorrela.
"Orioko edo Getariako surflari batek itsasoarekin duen harremana beste toki batzuetako surflariek dutenarengandik desberdina da. Ur izkinan bizi gara, lanpernetara joan izan gara, arrain txikitara, anguletara edo olagarrotara. Agian, herri turistikoetako surflariek bizi dutena baino modu osoago batean bizi dugu itsasoa herri arrantzale txikietako surflariok".
Garapen iraunkorra
Urdinagak liburuan nabarmentzen du munduak dituen arazo nagusiak surfaren munduan islatzen direla: "Surflarien gainpopulazioa dago, olatuak baliabide natural mugatua dira, eta surfaren hiperkomertzializazioa arazoak ekartzen hasi da». Bere iritziz, surfaren «hazkunde neurrigabe" bat gertatu da, eta horrek «masifikazioa» ekarri du, eta zenbaitetan "tentsio uneak" sortu ditu uretan. "Inguruneaz ari garenean garapen iraunkor bat behar dugula diogu. Surfean dugun arazoaz hitz egiteko unea iristen ari zaigu, eta liburuan horretarako hainbat hausnarketa irekitzen ditut".
Dena dela, eztabaida ez da berria, munduko beste hainbat herrialdetan eman baita dagoeneko. Kalifornian, esaterako, surfak hazkunde neurrigabea izan zuen, eta hortik surfa ulertzeko modu desberdinak zeudela azaleratu zen. "Badirudi surf komunitatean denok berdin pentsatzen dugula. Kalifornian dago surfaren industriaren erdigunea, baina era berean bertan dago errotuen surfa beste modu batera bizi dutenen mugimendua. Hemen ere bada garaia, inor deabrutu gabe, gertatzen ari denaren inguruan hausnarketa egin eta oreka bilatzeko. Denok daukagu eskubidea surfa egiteko, baina uste dut gauzak ezin direla neurririk gabe sustatu", azaldu du.
Surflaria eta Paradisua liburuko hainbat pasarte
"Denborarekin, konturatzen joango ginen surfa zela guri gustatzen zitzaiguna, eta ez hainbeste haren inguruan sortzen ari zen zirkua, zarata, negozioa".
"Paso egiten genuen politikaz, zeharo. Olatuak baino ez zitzaizkigun axola. Azkenean, politika uretaraino etorri, eta gain-gainetik pasa zitzaigun".
"Bi bando zeudek hemen: surfetik bizi nahi dutenak, eta surfa gozatu besterik nahi ez dugunak. Haiek promozionatu egin nahi ditek, eta guk ez".
"Itsasazalean ibiltzera ohituta, azalean geratu ziren surflari eta surf hedabide asko. Halakoxea publizitatearen sedukzio indarra eta, leun esatearren, surf munduan askok duten azalkeriatan geratzeko joera inozo edo interesatua".
Orion surfaren inguruko negoziorik sortu ez bada ere, kostaldea asko aldatu da azken hamarkadetan. "Orion olatu oso ona genuen, Oriako itsasadarrean. 1995ean, nik 21 urte nituenean, puto muro deitzen diogun espigoia egin zuten eta olatua suntsitu ziguten betirako. Horrek begiak ireki zizkigun, eta ordutik gure belaunaldiak eta gerora etorri diren surflariak askoz ere sentsibilizatuagoak gaude neurrigabeko garapenarekin". Bilakaera hori ere jaso du liburuan.
Finneganekin solasaldia
Surflaria eta paradisua aurkezten ari da azken astean egilea. Bihar, esaterako, solasaldia eskainiko du Donostiako Aquariumean,
Años salvajes liburuagatik 2016an Pulitzer saria jaso zuen William Finneganekin batera. Kritikaren arabera, surfari buruz inoiz idatzi den libururik «onena» da
Años salvajes. Bertan, kirol horren misterioez, bere hierarkiez, bakardadeaz, sinismenez eta arriskuez hitz egiten du Finneganek.
Solasaldia Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatu du, Gipuzkoako Surf Federazioarekin elkarlanean, Kultura eta kirola zikloaren barruan. Bertaratu nahi dutenek mezu bat bidali behar dute
kirolekitaldiak@gipuzkoa.eus helbidera.
AGENDA
Bihar, maiatzaren 26a
18:30ean, Años salvajes liburuaren egile eta Pulitzer saridun William Finneganen eta Iñigo Urdinagaren solasaldia, surfari eta kulturari buruz, Donostiako Aquariumean.
Etzi, maiatzaren 27a
Zarautzen aurkeztuko du Urdinagak liburua Literaturiaren barruan. Aurkezpena 19:00etan izango da, Garoa liburu dendan. Bertan Ibon Gaztañazpi kazetariak elkarrizketa egingo dio idazleari jendaurrean.
Ekainaren 2a, ostirala
Surflaria eta paradisua aurkeztuko dute Orion, 19:30ean hasita, kultur etxean. Ibon Gaztañazpi kazetariak elkarrizketatuko du Urdinaga, eta solasaldia amaitzen dutenean saiora bertaratu diren herritarrek galderak egiteko aukera izango dute.