Brontzezko domina eskuratu du Kirolgi OBBk 19 urte azpiko Espainiako txapelketan

Urola Kostako Hitza 2017ko maiatzaren 4a

OBBko bateatzaile bat asteburuan Espainiako Txapelketa jokatzen. (OBB) 19 urte azpiko Espainiako Txapelketan hiru partida jokatu zituzten oriotarren sailkapen fasean, Kataluniako Proyecte, eta Valentziako Fenix eta Antorcharen aurka. Lehen partida galdu bazuten ere, beste biak irabazi egin zituzten, eta finalerdia jokatzeko sailkatu ziren. Finalerdian Sant Boi taldea izan zuten aurkari. Partidan zehar oriotarrak markagailuan aurretik izan baziren ere, azken unean kataluniarrek aurre hartu zieten, eta OBBk finala jokatzeko txartela galdu zuen. Bartzelonako Viladecans taldearen aurka jokatu zuten oriotarrek 3. eta 4. postua erabakitzeko partida, eta OBB 5-1 gailendu zen partidan, hirugarren postua lortuz. Taldeko arduradunek jokalarien "ilusioa, borrokatzeko grina, erasorako indarra eta defentsan eginiko lana" nabarmendu dute. Gainera, Uxue Modre jokalari gazteak erasoan eta Amaia Larrazak pitxeoan egindako lana aipatu dute; azken horri, txapelketako pitxerrik onenaren saria eman zioten. Hurrengo partida Igandean Orioko OBBk Kataluniako Sant Boi taldea izango du aurkari Orioko Mendibeltz Zelaian. Lehen partida goizeko 11:00etan hasiko da.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide