Marokoko muga zeharkatu du dagoeneko Hossain Kaanachek

Urola Kostako Hitza 2017ko apirilaren 17a

Hossain Kaanache bizikletan. (Cascaras de Naranja Facebook) Apirilaren 8an, bizikletaz Orioko plazatik atera zen Hossain Kaanache, eta igandean zeharkatu zuen Marokoko muga. Bere gurasoek egin zuten bidaia aurkako noranzkoan egiten ari da Kaanache. "Gurasoek, etorkin guztiek bezala, asko sufritu zuten moralki, espiritualki eta psikologikoki. Beraiek pairatutako minari oihartzuna eman nahi diot, nire ahalegin fisikoa metafora gisa erabiliz", azaldu zuen bidaia hasi aurretik. Astebetean Iberiar penintsula alderik alde pasa du oriotarrak, eta bere asmoa asteartean edo asteazkenean Taza eskualdera iristea da. Hala ere, bide gogorra du Kaanachek aurretik, "Marokokoak errepide txarrak dira, eta bidea aldapatsua da gainera", nabarmendu du. Dena dela gogotsu dago. Hossain Kaanacherekin batera autokarabanan bidea egiten ari dira bi lagun. (Cascaras de Naranja Facebook) Hasiera batean, Oriotik Tazarako 1.643 kilometrotako bidea bi astetan egitea aurrikusi zuen Kaanachek, baina erritmoa bizkortu du. "Fisikoki oso ondo sentitzen naiz. Minez ibili naiz eta neke fikioa eta psikologikoa ere sentitzen ditut, baina aurrera jarraitzeko eta aitonaren herrira iristeko irrikaz nago". Hori dela-eta, etapa luzeagoak egiten ari da Kaanache, azken egunetan 400 kilometro inguruko etapak egin ditu, 30 kilometro orduko abiaduran batazbeste. Zailtasunak Ezustekoz betetako bidea izaten ari da Orio eta Taza artekoa. Izan ere, hainbat lagunen bisita izan du Kaanachek bidean, baina zailtasunak ere izan ditu; bizikletaz ibiltzeko errepide txarrak aurkitu dituztela azaldu du Kaanachek. "Abentura nirekin bizitzen ari diren lagunentzat, sekulako lana izaten ari da errepide egokiak aurkitzea, hasiera batean aurreikusi genuen ibilbidea aldatu egin behar izan baitugu". Lagunen bisita izan du Kaanachek bidaian zehar. (Cascaras de Naranja Facebook) Marokoko lurretan gogoan du Orio Kaanachek, eta esker ona adierazi nahi izan die babesa eman dioten oriotar eta lagun guztiei. "Egiten ari garen bidaia zuena ere bada. Nire gurasoen herria zuena sentitzea nahi dut, zuen herria nirea ere badelako", azaldu du.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide