Orioko Orain udal taldeko bozeramaile Miriam Urangak zinegotzi kargua utzi du

Urola Kostako Hitza 2017ko apirilaren 6a

Miriam Uranga, atzo iluntzeko udalbatzarrean. (Aiora Larrañaga) Atzo iluntzean ez ohiko udalbatzarra egin zuten Orion, eta bileran jakinarazi zuten Miriam Urangak uko egin diola zinegotzi karguari, erantzukizun handiagoa duen lanpostua eskaini diotelako. "Profesionalki salto handia da, eta egoera berrian ezinezkoa izango zait nire lanbidea eta zinegotzi lana ezkontzea". Orain udal taldeak oraindik ez du jakinarazi nor izango den Urangaren ordezkoa Orioko Udalbatzan. Uranga sei urtez izan da Orioko udaleko zinegotzia, eta esperientzia "interesgarria eta aberasgarria" izan dela nabarmendu zuen atzo. "Udalaren funtzionamendua eta politikagintza barrutik ezagutu ditut. Oso aberasgarria izan da herritarrekin izan dudan gertatutasuna. Gertutasun hori ezinbestekoa da udalaren egunerokoan, eta uste dut bultzatu egin behar dela". Balorazioa Oraineko bozeramaileak esker hitzak izan zituen sei urtetan zehar bidelagun izan dituen lagunentzako. Eskerrak eman zizkien Beñat Solaberrieta alkate ohiari, laguntza eman dioten udaleko teknikari eta langileei, Orioko merkatariei eta Arkupe elkarteari, baita gainontzeko udal taldeetako kideei ere; eta aipamen berezia izan zuen EAJko Angel del Hoyo, EH Bilduko Emeterio Iribar eta PSE-EEko Ana Prieder zinegotzientat. Orain plataformako kideak ere eskertu zituen, beregan "konfiantza izateagatik eta emandako laguntzatik". Urangak Orioko Kanpina izan zuen hizpide bere azken udalbatzarrean, eta adierazi zuen aurreko agintaldian aldaketa nabarmena eman zela Orioko Kanpinean. "Eskerrak eman nahi dizkiet Orioko Kanpina osatzen duten guztiei: zuzendari, zaindari, garbitzaile, harrerako langile, bezero finkoei eta Boga-Bogako kideei. Zuek egin duzue Orioko Kanpina handia. Lan bikaina egin duzue eta jarraitu horrela". "Kritiketatik ekintzetara" Urangak azaldu zuen zinegotzi kargua utzi badu ere, Orain taldearen "itzalean lanean" jarraituko duela. "2011n siglarik gabeko talde baten beharra ikusten nuen, eta gaur egun udala barrutik ezagutua beharra handiagoa dela sentitzen dut. Herritarrei mezu bat luzatu nahi diet: kalean, parkean edo tabernan egiten diren kritika antzuek ez garamatzate inora. Kritiketatik ekintzetara pasa behar dugu; denon artean kaleko hitzak udalera eman behar ditugu, entzunak izan daitezen. Hori da parte hartzea bermatzeko bide bakarra".  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide