Asteburuan bukatuko da Gipuzkoako Herriarteko Bertso Txapelketaren bigarren itzulia; izan ere, asteburuan erabakiko da zein lau talde pasatuko diren hurrengo fasera, hau da, finalerdietara. Eskualdeko bi taldek jarraitzen dute lehian: Azpeitiko Erniarraitz 1 eta Orioko Sarri nahi genuen eta Habana etorri zaigu.
Erniarraitz 1ek Xenpelar taldearen aurka neurtuko ditu indarrak ostiralean, 21:00etan hasita, Azkoitiko Tintoreri Elkartean. Bertso afaria egingo dute, eta han erabakiko da Erniarraitzek aurrera egingo duen edo ez. Izan ere, Azpeitiko Erniarraitz 1 taldeak berdinketarekin itzuli behar izan zuen duela bi aste Alegiatik etxera.
Aldiz, Orioko Sarri nahi genuen eta Habana etorri zaigu taldeak Osinalde taldea izango du parez pare ostiralean Gabiriako Osinalde elkartean egingo duten bertso afarian. 21:00etan hasiko da, eta saio horren ostean erabakiko da, Orioko taldeak aurrera egiten duen edo ez. Halere, Sarri nahi genuen eta Habana etorri zaigu taldeak duela bi aste etxean egindako saioa irabazi egin zuen.
Hurrengo fasera sailkatzen diren lau taldeek maiatzaren 6an Alegian eta maiatzaren 13an Bergaran egingo diren final aurrekoetarako txartela eskuratuko dute.