Danbolin Musika Eskolako matrikula tasak berdin mantentzea onartu dute

Urola Kostako Hitza 2017ko mar. 31a, 10:12

Orioko Danbolin Musika Eskola. (Aiora Larrañaga/Hitza) Asteartean urteko lehen udalbatzarra egin zuten Orion, eta Danbolin Musika Eskolako tarifen eta hobarien gaia landu zuten. Oro har, 2017-2018 ikasturterako matrikula tasak berdin mantentzea onartu zuen Orioko Udalbatzak, EAJ-ren eta PSE-EEren aldeko botoekin; EH Bildu eta Orain plataforma abstenitu egin ziren. EH Bildu udal taldeko bozeramaile Emeterio Iribarrek abstenitzeko arrazoiak azaldu zituen. Adierazi zuen Danbolin Musika Eskolako ikasle aiarren kuoten finantziazioa Aiako Udalarekin negoziatzeko konpromisoa hartu zuela Orioko Udalak, eta oraindik ez dela urratsik egin bide horretan. Bestalde, Orain plataformako kide Miriam Urangak galdetu zuen zergatik ez dauden elkarri lotuta Ordenantza Fiskaletan ezartzen diren hobariak eta musika eskolan aplikatzen direnak. «Gure ekarpena datorren urtean kontuan hartuko dela esan digute, baina aurten abstenitu egin gara», berretsi zuen. Bide luzea Azken urtetan Danbolin Musika Eskolako kuoten inguruan eztabaida sortu da herrian. Musika eskolak Eusko Jaurlaritzak emandako diru laguntzarekin, ikasleek ordaintzen dutenarekin eta tokian tokiko udalek emandako diru laguntzekin finantzatzen dira. Orioko Udalak ikasle aiarren zatia ere ordaintzen duenez, udalbatzak 2014ko ordenantza fiskaletan proposatu zuen Aiako ikasleek Oriokoek baino gehiago ordaintzea. Herritar talde batek erreklamazioa aurkeztu zuen, arrazoituz administrazioak ezin dituela herritarrak baztertu «non erroldatuta dauden oinarrian hartuta». Herritarren proposamena legezkoa zela ziurtatuta, 2014ko ordenantza fiskalak berritu zituen Orioko Udalak. Dena dela, Aiako ikasleei dagokien eta Orioko Udalak ordaintzen duen kuotaren zati bat Aiako Udalak ordaintzea lortu nahi izan du Orioko Udalak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide