Oposizioak emendakinak jarri dizkio Orioko 2017ko udal aurrekontuari

Aiora Larrañaga Solaberrieta 2017ko martxoaren 30a

Astearteko udalbatzarra. (Aiora Larrañaga/Hitza) Urteko lehen udalbatzarra egin zuten asteartean, eta bertan 2017ko udal aurrekontuak eztabaidatu eta bozkatu zituzten udal taldeek. Joxe Angel Zaldua alkateak 7.236.000 euroko aurrekontu proposamena aurkeztu zuen batzarrean; eta kopuru horretatik 265.917 euro inbertsioetara bideratzea aurreikusi zuen. EH Bildu, Orain eta PSE-EE udal taldeek emendakinak aurkeztu zizkioten aurrekontuari modu bateratuan. Emendakinak udalbatzarrean bozkatu zituzten, eta oposizioaren aldeko zazpi botorekin 2017ko udal aurrekontuaren espedientean jasota geratu ziren. Ondorioz, inbertsioen atala 265.917 eurotatik 270.417 eurotara pasatu zen. Jarraian, 2017ko udal aurrekontuak bozkatu eta aho batez onartu zituzten udal taldeek. Emendakinak PSE-EEko zinegotzi Ana Priedek aurrekontuari emendakinak jartzearen arrazoiak azaldu zituen udalbatzarrean. Inbertsioen atalean udal taldeen arteko adostasuna lortu bada ere, azken urtean alkateak ez duela «behar bezala lan egin» eta bere jardunean "kudeaketa eta antolaketa gabezia» egon dela uste du oposizioak. "Ondorioz alkatearengan genuen konfiantza galdu dugu. Alkatearen soldata jaisteko eskatu dugu, ordainsaria udalerriaren errealitate sozioekonomikoarekin eta gaur egun alkateak egiten duen lanarekin bat etorri dadin. Bestetik, Obra eta Zerbitzu, Euskara eta Hezkuntza batzordeburuaren lanaldia %15ean jaistea proposatu dugu, postu horrek hasiera batean aurreikusitakoa baino lan karga gutxiago duelako". EH Bilduk eta Orain udal taldeak bat egin zuten Priederen diagnosiarekin, eta gogoratu zuten alkateak udalean pertsonal arloan dauden hainbat antolaketa eta kudeaketa arazo konpontzeko konpromisoa hartu zuela 2016an, eta urtebetean bide horretan urratsik ez dela egin, "2016 urtearen hasieran bezala gaude". Publikoan udalbatzarra jarraitzen ari zen Orioko alkate ohi Mirari Arruabarrenak hitza hartu zuen Orioko EAJren izenean, eta Orioko Udal Gobernua egiten ari den lana defendatu zuen: "Bidean hainbat oztopo jarri badira ere, aurrekontuak onartzea lortu dugu". Bestalde, Joxe Angel Zaldua alkateak azaldu zuen emendakinak txertatu arren EAJk aurrekontuaren alde bozkatu zuela, herriarentzat ezinbestekoa delako aurrekontua izatea. "Oposizioak oztopoak jarri arren, Orioren alde lanean jarraituko dugu", adierazi zuen.
AURREKONTUA Emendakinen eskaera - Alkatearen soldata 28. mailatik 24. mailara jaistea. - Obra eta Zerbitzu, Euskara eta Hezkuntza batzordeburuaren lanaldia %25ean ezartzea. - Zirkulazio seinalizazioa eta puntu beltzen partida 7.000 eurotik 10.000 eurotara pasatzea. - Gizarte ongizateko partida 5.000 eurotatik 8.000 eurotara igotzea. - Ekintza soziokulturalen partida 10.000 eurotik 18.000 eurotara pasatzea. - Soberakinarekin musika eskolarako bi ordenagailu erostea, liburutegiko partida osatzea, eta gainontzekoa bide publikoen mantenura bideratzea. Aurrekontuko inbertsio nagusiak - Estropalari kaleko saneamendu lanak egiteko 31.888 euro. - Karela kiroldegiko inbertsioetarako 70.265 euro. - Ibaiondon komun publikoak jartzeko 50.000 euro. - Hiri Antolamenduaren Plan Orokorrerako 20.510 euro. - Horretaz gain, Zaragueta Herri Eskolaren eraikina handitzea eta Herriko plaza-Aritzaga eremuko saneamendu lanak ere egingo dituzte 2017an Orion. Proiektu horiek epe laburrean udalbatzarrean bozkatuko dituzte.
Herri galdeketari babesa Gipuzkoako Foru Aldundiak Lurralde Historikoko herritarren partaidetzarako erakunde arteko espazio bat sortzeari buruzko foru dekretua onartu du, eta Orioko Udalbatzak bertara atxikitzea onartu zuen asteartean, ahoz batez. "Orioko Udalak herritarren parte hartzea bultzatu nahi du herriari dagozkion erabakietan. Pauso batzuk emanak ditu bide horretan, eta orain gehiago eman nahi ditu inguruko beste herri batzuetan irekitako lan ildoari jarraituz". Gipuzkoako Foru Aldundiak sortu duen erakundeen arteko espazioaren helburua herritarren partaidetzarako politikak sustatzea izango da, Gipuzkoako herritarren eta erakundeen arteko erlazioak indartu daitezen. Bestalde, Jexux Mari Arriaranek mozioa aurkeztu zuen udalbatzarrean Orioko Gure Esku Dago elkartearen izenean, Orion 2017ko maiatzaren 7an herri galdeketa egiteari buruz eta erabakitzeko eskubidearen gainean. "Euskal Herriaren gehiengoak eskatzen du aldaketa. Herri gisa aldaketa hori eskatzeko eskubidea daukagu, eta aldaketa hori nolakoa izango den erabakitzekoa" zioen mozioak. Bertan udalbatzarrari maiatzaren 7ko herri galdeketa babesteko eskatu zion Orioko Gure Esku Dago Taldeak, eta udal talde guztien adostasunarekin aho batez onartu zen.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide