Martxotik maiatzera ‘Irakurri, gozatu eta oparitu’ egitasmoa egongo da martxan, Orion

Aiora Larrañaga Solaberrieta 2017ko martxoaren 30a

Orioko liburutegia. (Aiora Larrañaga/Hitza) Herritarren artean euskaraz irakurtzeko zaletasuna sustatzeko, Irakurri, gozatu eta oparitu ekimena martxan jarri du Euskaltzaleen Topaguneak, udalarekin eta herriko liburu-dendekin elkar lanean. Martxotik maiatza bitartean egingo da egitasmoa, eta hainbat helburu dituela azaldu dute sustatzaileek. Alde batetik, oriotarrek euskarazko liburu gehiago irakurtzea lortu nahi du kanpainak. Orioko liburutegiko arduradun Miren Anduezak azaldu duenez, azken urteetan «gero eta gehiago dira» euskaraz irakurtzen duten herritarrak. «Interesa badagoenez, kaleratu berri diren euskarazko liburuak ekartzen saiatzen gara, eta pixkanaka euskarazko liburuen atala garrantzia hartzen ari da liburutegian». Bestetik, ekimenarekin lortu nahi dute herritarrak udal liburutegira hurbiltzea eta herriko liburu dendetan euskarazko liburuak erostea. Kanpainako urratsak Hiru pauso eman behar dira kanpainan parte hartzeko. Lehenik eta behin, udal liburutegira joan eta euskarazko edozein liburu maileguan eskatu behar dute herritarrek; haurrentzako nahiz helduentzako liburuak izan daitezke. Behin liburua irakurritakoan, liburutegira itzuli eta fitxa sinple bat bete beharko dute; bertan irakurri duten liburua zein izan den, eta horri buruz zein iritzi duten zehaztu beharko dute. Fitxa hori betetakoan, liburuzainak %35eko deskontua duen erosketa-txeke bat emango die, Orioko liburu dendaren batean euskarazko liburu bat erosteko. Azken pausoa da erositako liburu hori oparitzea: lagun bati, senide bati edo norbere buruari. Orion liburuak saltzen dituzten hiru denda daude, eta hirurek hartuko dute parte kanpaina honetan: Ontza liburu dendak, Iturain estankoak eta Mauka paper dendak. Gomendio zerrenda Aurten berrikuntza gisa, Euskaltzaleen Topaguneak euskarazko liburuen gomendio zerrenda egiteko eskatu dio Patxi Zubizarreta idazle ordiziarrari, eta zerrenda eskuragarri dago Orioko liburutegian. Miren Andueza liburuzainak zerrendan agertzen diren hainbat liburu liburutegiko mahai batean jarri ditu erakusgai, herritarrek eskura izan ditzaten. «Horiez gain, euskarazko beste hainbat liburu ere gomendatuko dizkiet liburutegiko erabiltzaileei, helburua oriotarrek euskaraz irakurtzea baita». Hilabete honetan jarri dute martxan kanpaina, eta pixkanaka oriotarrak egitasmoarekiko interesa erakusten ari direla azaldu du liburutegiko liburuzainak. Guztira, Hego Euskal Herriko 52 herritan abian da kanpaina, eta Urola Kosta eskualdean Orio da parte hartu duen herri bakarra. Euskaltzaleen Topagunetik jakinarazi dutenez, lehenbiziko aldiz Euskal Herriko bi hiriburutan ere egingo dela aurten egitasmoa: Gasteizen eta Iruñean.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide